Makina bat sakandarrek parte hartu zuten EH Bilduren Bilboko manifestazioan

Guaixe 2024ko aza. 25a, 11:12

EH Bilduk deituta Bilbon egindako manifestazioa. UTZITAKOA

Koalizioak nazio auzia "agenda politikoaren erdian" jartzeko konpromisoa hartu du.

EH Bilduk Nazioa gara lelopean manifestazioa egin zuen Bilbon. Bertan makina bat jendek parte hartu zuen, baita sakandarrek ere. Koalizioak antolatutako autobusetan edo bestelako garraiobideetan joan ziren mobilizaziora. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik akaberan esan zuenez, estatus politikoaren inguruko eztabaida zabalik dago Euskal Herriko lurralde guztietan. Hori horrela, EH Bilduk konpromisoa hartu du nazio auzia "agenda politikoaren erdian" jartzeko, eta heldu den urtean "pausoak" egiteko.  

Otegik esan zuenez, "estatusari buruzko eztabaidaren abiapuntua da aitortzea Euskal Herria nazioa dela eta errespetatu behar dela. Hortik aurrera egingo dugu bidea". Adierazi zuenez, "naziogintzaren alorrean jauzi bat egitea beharrezkoa da". EH Bildu horretan ahaleginduko da hurrengo hilabeteetan.