Abian da pilota txapelketa luzeena, pilotarien erresistentzia jokoan jartzen duena: 2025eko Binakako Txapelketa. Aspeko hiru pilotari sakandarrek parte hartuko dute: Ezkurdiak Rezustarekin osatuko du bikoa, Zabaletak Elordirekin eta Martijak Peio Etxeberriarekin.
Zabaleta, seigarrenaren bila
Hirurak kontentu daude egokitu zaien bikoteekin. "Elordirekin berriro jokatuko dut eta oso pozik nago, oso ongi moldatu baikinen elkarrekin" azaldu du Zabaletak. Horren ongi, 2023ko Binakako txapeldunak izan zirela. Kontuan hartzeko bikotea dira. Zabaleta egungo txapelduna da Peio Etxeberriarekin, eta ikusgarri ari da. Binakako bost txapela ditu, Maizek, Retegik eta Martinez de Irujok bezala, eta seigarrena lortuko balu, sei dituen pilotari bakarra izango litzateke. Erronka ederra.
Martija pozik dago Peio Etxeberria bidaide izango duelako. Bikote gogorra osatzen dute, arrokatsua, oparirik egiten ez duena. Biek Binakako txapela badute, Altunarekin eta Zabaletarekin lortutakoa, eta elkarrekin lortzeko nahikoa dohain eta baliabide badituzte. Martijak aitortu zuen "oso eroso" sentitzen dela Etxeberriarekin jokatuko duelako. "Harreman ona dut. Sasoi betean dago, agerikoa da".
Ezkurdia "gustura eta pozik" azaldu da. Azkeneko bolada gogorrari buelta eman nahi dio arbizuarrak, eta ezkutari sendoa du horretarako, Rezusta. Indarra eta sasoia badute. Ongi hastearen garrantziaren jakitun, horretan saiatuko dira. Biek aurretik irabazi dute Binakakoa, baina lehen aldiz ariko dira elkarrekin txapelketa honetan.
Lehen jardunaldia
Lehen jardunaldian, Ezkurdia-Rezustak Elordi-Zabaleta izango dituzte aurkari azaroaren 29an, ostirala, Beasainen. Azaroaren 30ean, Eibarren, Altuna-Arangurenen eta P. Etxeberria-Martijaren arteko partida jokatuko da, eta Lizarran Artola-Mariezkurrenaren eta Laso-Iztuetaren artekoa. Azkenik, abenduaren 1ean, Basaurin, Jaka-Imaz eta Peña II.a-Albisu lehiatuko dira.