Kanpinetako istorioak kontatzen ditu ZOO liburuan eta egun batetik bestera bizitza hausnartzera eramaten duen "neska arrunt" baten inguruan idatzi du Goiatz Labandibar idazleak Bekatua liburuan. Lehenengoari buruz abenduaren 11n, asteazkena (18:30ean), Iortian solasean izanen da, Sakanako Mankomunitateak eta Itsasi euskaltegiak antolatutako literatur solasaldian, eta bigarrenari buruz Pikuxarreko irakurle taldearekin izanen da abenduaren 18an, asteazkena (19.00etan). ZOO liburuak Gipuzkoako Liburu Denden Elkartearen Zilarrezko Euskadi Saria jaso zuen.
Zer sentitzen da horrelako sari bat jasotzean?
Egia esan, ezusteko handia izan zen ZOO-k jasotzea; poz handia ere, beti eskertzen da sari bat, baina iruditzen zait ZOO ez dela saritzen den liburu bat. Tonu aldetik, dibertigarria eta jolastia da, eta askotan sariek literatura kakotxen artean serioago saritzen dutela dirudi. ZOO kode horietatik urruntzen da.
Helburua liburu dibertigarria egitea zen?
Bai. Horrela definituko nuke. Idazketa prozesua ere niretako oso dibertigarria izan zen, oso ongi pasa nuen ipuin hauek idazten, eta emaitza halakoa dela uste dut. Bigarren irakurraldi batean gai sakonak ere aipatzen dira, baina tonua bada nahiko umorezkoa. Pozik gelditu nintzen.
Jende askoren opor lekuak dira kanpinak. Jende oso desberdinen oporraldiak, edo ez hain desberdinak?
Jende geroz eta desberdinagoa elkartzen da kanpinetan. Agian garai batean ez zen hain desberdina, baina gaur egun kanpinaren kontzeptua bera hainbeste aldatu da eta hainbeste abaniko hartzen du, ia esperimentu soziologikoa ere izan daitezkeela. Hor elkartzen dira gizarteko estraktu oso desberdinak edo bizitzeko modu oso desberdinak dituzten pertsonak oso espazio murritzean eta oso elkarren ondoan. Mikro gizarte bat izan daiteke. Gainera, askotan oihalezko paretekin. Esperimentu interesgarriak dira kanpinak.
Hamabi istorio jaso dituzu, eta kanpinak dira horien lotura.
Kanpin guztiak desberdinak dira eta istorio guztiak kanpin batean geratzen dira. Hari edo lotura nabarmenena da. Badira beste lotura batzuk, baina nabarmenena kanpina da. Ez dut esaten kanpin horiek non dauden, nire mapa mentalean badaude, baina irakurleari libre utzi nahi diot bere iruditegia sortzeko. Seguruenik norbaitek berak ezagutu duen kanpin batean kokatuko dituela. Irakurleari istorioaren zati bat sortzen uztea polita da.
Kanpin batean sortu zitzaizun ideia?
Umetan kanpinera bidaiatzen genuen gurasoekin; asko joan naiz. Gaur egun tarteka ere joaten naiz. Kanpinak gustatzen zaizkit, baina istorio hauek ez dira autobiografikoak edo niri gertatutako istorioak. ZOO-ren prozesua hasi zen lagun bat etorri zitzaidalako, oso hurbilekoa dena eta sorkuntza prozesuetan presente dagoena, eta bera oporretan kanpin batean egon zen eta esan zidan kanpinetako buruzko istorioei buruz idatzi behar nuela. Ezetz esan nion; ez zitzaizkidan inspiragarriak iruditzen. Gero oporretan kanpin batera sartu ginen eta lehenengo istorioan kontatzen den antzeko zerbait gertatu zitzaigun. Bueltan idazten hasi nintzen eta bata bestearen atzetik oso azkar idatzi nituen. Nire idazketa prozesutik oso desberdina izan zen, baina ezin nuen kanpinetik atera.
ZOOa eta kanpinak. Zergatik paralelismo hori?
Hasieran bilduma izenbururik ez zuen. Gero konturatu nintzen modu inkontzientea animaliak ere aipatzen nituela eta paralelismo asko egiten nituela animaliekin. Hortik abiatuta ZOO izenburua etorri zen. Azken finean, ZOO baten kanpoko ikusle bat dago animaliak begiratzen, eta nik pixka bat hori egin dut kanpineko pertsonaia hauekin. ZOOtik pixka bat badute.
'Bekatua' liburuan Garaziren istorioa kontatzen da. Ezezagun batekin esnatu da...
Bai, hortik abiatzen da. Nik kontatu nahi nuena berez zen burua martxan jartzen denean nola doan saltoka ideia batetik bestera, itxuraz koherentziarik gabe, baina gure buruak nola egiten dituen lotura horiek. Horretarako aitzaki bat nuen eta pertsona arrunt baten egunerokotasuna zalantzan jartzen zuen egoera bat behar nuen. Orduan, erabaki nuen Garazi ezezagun baten ohean sartzea. Bere bikotea ez da ondoan dagoena. Horrek eramaten du bere buruari buruz hausnartzera, bizimoduari buruz hausnartzera, baita inguruari buruz hausnartzera ere. Nobela labur bat da, baina barne bakarrizketa bat bada. Ez nuen liburu zigortzailea egin nahi.
Harreman mota desberdinei buruzko hausnarketa bat?
Aipatzen ditu. Protagonistak bere burua neska arrunt bat bezala ikusten du. Zer da arrunta? Ohikotasunetik ateratzen ez den bizimodu bat duena.
Nolakoak izaten dira zure aurkezpenak?
Denetik egoten da. Eskatzen duten edo saioak nola antolatzen dituzten arabera. Kasu hauetan, Altsasun Mintzakideen bidez noa eta Irurtzunera Nerea Baldak gidatzen duen irakurle taldearengana noa. Bi kasuetan, teorian, liburua irakurrita izango dute, orduan elkarrizketa moduko solasaldi bat izango da. Altsasuko kasuan Idoia Artieda izango dut ondoan, eta berak gidatuko du hasiera batean eta gero edozeinek izango du jakin edo aipatu nahi duena esateko aukera.