Ingelesezko akronimoa da STEM eta zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arloetako gaiak hartzen ditu bere baitan. Andra Mari ikastola, Altsasu Bigarren Hezkuntzako Ikastetxea, Sagrado Corazon ikastetxea eta Iñigo Aritza ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako 195 ikasleren erantzunekin egin dute diagnosia.
Zergatik egin da STEM diagnosia?
Odei. Aspalditik gabiltza hezkuntza eta industria uztartu nahian. SGA eta sozioekonomia eragileak ikastetxeetara jotzen dugu, ikasleei Sakanako lanpostuen, industriaren eta dituzten aukerak zein diren azaltzeko. Baina jakin nahi genuen ikasleek zer pertzepzio duten horrekiko. Bi aldeak komunean jartzeko. Azterketa Elhuyarrek egin du.
Sakanako Estrategia Planean jasotzeko adinako garrantzia du?
O. Erabateko garrantzia du. Hain indartsua Sakanan, bizi garen biztanleriarekin normalean langile beharrak ez direla asetzen. Gainera, langile behar horiek ez baldin badaude lerrokatuta gazteen interesekin, gabezia handi bat da. Gure industriako lanbide gehienak STEMen ingurukoak dira. Landu beharreko esparru oso-oso garrantzitsua estrategia planean, industriako alorrean lan ildo nagusietako bat da.
Nola egiten da STEM diagnosia?
J. Galdetegi baten bidez. Haren muina da Sakanako gazteen lan asmoak eta STEMarekiko daukaten iritzia aztertzea. Galdetegiak hainbat gai ditu. Batetik, gai orokorrekiko eta ikasgai haiekiko interesa galdetu diegu. Bestetik, etorkizuneko lanbideei buruz ere. Sakanako industriari buruzko galdera batzuk ere egin dizkiegu. Baita genero berdintasunaren inguruan ere, bai zientzia eta teknologiarako lanbideekin lotutako industria orokorrari buruz, baita bertako industriari buruzko iritzia ere eman dezaten.
Non hitz egin duzue gazteekin?
J. Ikastetxetako tutore eta zuzendaritza taldeen laguntza ezinbestekoa izan da. Oso garrantzitsua zen galdetegia gelan betetzea, zeren etxeko lan bezala bidaltzen bada ez dute seriotasun berdinarekin erantzuten.
Generoa kontuan hartu duzue?
J. Bai. Aspaldi ikusi dugu genero estereotipoek eragina dutela bai etorkizunerako ikasketen hautaketan baita etorkizunerako lanbideen hautaketan ere.
Gazteek STEMekiko interesa dute?
J. Denetarik dago. Mutilek STEMekiko neskek interes handiagoa azaldu dute. Munduan ere emaitza berak errepikatzen dira, orokorra da.
Gazte horiek beraien burua STEM arlotan lanean ikusten dute?
J. Interesa izango luketen galdetu diegu eta mutilek interes gehiago adierazi dute. Bestalde, beraien autopertzepzioari buruz galdetu diegu. Mutilek bere burua gaitasun handiagoarekin ikusten dute etorkizunean STEM arloetan lan egiteko neskek baino. Ez da gaitasun maila, beraiek duten autopertzepzio maila baizik. Sakanako industrian lan egiteko interesa luketen galdetu diegunean, mutilek, berriro ere, neskek baino interes handiagoa adierazi dute.
Beraz, mutilak etorkizunean STEM arloak lan egiteko esparru gisa ikusten dituzte.
J. Oraindik lan asko egiteko dago. Arazoa da asko behar direla eta proiekzioek ez dute ematen behar horiek iristeko.
STEM hezkuntzen inguruan iritzirik badute?
J. Denetarik dago. Baina estereotipoek eragina dute, eta STEMekiko generoak eragina dauka, nesken eta mutilen erantzunen eragiten du.
Diagnosia jasota, zer ondorio atera dituzu?
O. Aurretik, bi datu adierazgarri aipatu nahi nituzke. Nafarroan Sakana da gazteek soldata onenak dituzten eskualdea. Hori da gazte gehienak industrian daudelako eta, oro har, industrian daudelako soldata onenak. Aldi berean, Nafarroan Sakana da soldata arrakala handiena duen eskualdea. Hori gertatzen da industrian gehienak gizonezkoak direlako eta emakumezkoak industriatik kanpo daudelako. Hori STEMetara ekarririk, badakigu mundu mailan orokorrak diren ondorio batzuk aterako ditugula, baina argazki honek erakusten digu zehazki zein den egoera. Esparru batzuetan agian uste genuena baino egokiagoa da, beste esparru batzuetan ikusi behar da zein lanketa egin behar den. Esaterako, STEMekiko eta ibarreko lanpostu eta industriari buruzko ezagutza oso handia dute. Horrek erakusten digu plan estrategikoan egiten ari garen lanketak eragina duela. Bestetik, beraiek irudikatzen duten genero berdintasunaren egoera ez da egokiena, baina, prozesu baten barruan, ikusten dute aurrerapausoak ematen ari garela. Gainera, daukaten pertzepzioa da Sakanaz kanpo genero berdintasuna txikiagoa dela, eta hemen landuago dagoela. Beraien pertzepzioa da, baina badago non lan egin, eta beraien partetik abiapuntua egokia da.
Sakanan STEM arloan lan egiteko aukera dago?
O. Bai. Estrategia planaren bitartez ikastetxe jakin batzuekin landu genuen duela urte batzuk, First Lego League proiektuen bitartez. Baina zaila da SGAtik urtez urte antolatutako ekintzekin hori gizartean erabat sakontzea. Ikastetxeetako zuzendari, tutore eta orientatzaileekin bi urte daramagu lanean, beraiek kontzientziatzen ibarrarendako eta gure etorkizunarendako lanketa horiek egitea zein garrantzia duten. Eta beraiek ardura hori hartzea Batxilergoaren aurretik lanketa horiek egiten hastea. Pitteka-pitteka ari gara. Asko dago egiteko, abiapuntua egokia eta erremintak izan ditzakegu, baina landu behar den horretan fokua ondo jarri behar da.
Ikerketa eskuetan, zer?
O. Gure artean iritziak partekatu behar ditugu. Jardunaldira etorri zirenei balorazioa eskatu genien. Zer ekintza konkretu egin daitezkeen. Badirudi bi urteko epean lan egiteko aukera izanen dugula. Lanean jarraituko dugulako, beharbada ikastetxeekin hori lantzeko komuneko proiektu baten bidez.
Elhuyarren lana bukatu da?
J. Diagnosia abiapuntua izan da.
O. Arlo honetan egon gaitezkeen eragile guztiak bilera batera deituta gaude abenduaren 12an. Mahaiaren gainean dauden proposamenei forma ematen saiatuko gara. Elhuyarren eskutik lana gustura egin, eta ongi egin dugu. Edonon partetik interesa badago, jarraituko dugu.