Katalogoa, haurrei euskara oparitzeko laguntza eskura

Guaixe 2024ko abenduaren 9a

Etxarriarrak plazan. ARTXIBOA

Euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoen 7.700 erreferentzia ditu 26. edizioak.

Euskal Herriko ehundik gora tokiko erakundetako Euskara Zerbitzuek, Sakanakoa barne, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute. Bai etengabe eguneratzen den web orriak zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak mustu dituzte. Batean eta bestean produktuak bi ataletan daude sailkatuta: 0 eta 12 urte bitarteko haurrendako produktuak eta 12 eta 16 urte bitarteko gazteendako produktuak. Hego Euskal Herrian paperezko edizioaren 50.000 ale banatu dituzte. Paperean, aipatutako bi atalez aparte, gurasoendako materiala ere badu. 

Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen Katalogoa.eus webgunean jasota dauden produktu berri guzti-guztiak. Sareko bertsioan produktuak atalka daude antolatuta: musika, filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoendako materiala. Atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen, adin tartearen edota prezioaren arabera bistara daitezkeelako. Erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta. Maiz eguneratzen da web orria, produktu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz. Web orriak milaka produktu ditu eta bat erosi nahi izanez gero, produktuan klik eginez argitaletxeen denda birtualetara sartzeko aukera ematen du. Webguneko buletin elektronikora harpidetuta, nobedadeen segimendua eroso asko egin daiteke urte osoan (hamar buletin).