Nafarroan gehien birziklatzen duen eskualdea da Sakana. Birziklapena eta hondakinen kudeaketa maximizatzeko asmoz, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak bilketa mistoa duten sei herrietako etxolatan eta Irurtzunen eta Altsasun dauden edukiontzi berdeak kendu eta grisekin ordezkatuko ditu. Olatz Garde Mazkiaran teknikariak jakinarazi duenez, "edukiontzi berdean uzten diren hondakinen %87 ez lirateke hara bota beharko, material birziklagarriak dira eta beste edukiontzi batzuetan utzi beharko lirateke, edo Mank-ek eskaintzen duen beste zerbitzu batean". Gardek azaldu duenez, "herritar gehienek edukiontzi berdea nahastutako zaborrarekin lotzen du". Aldi berean, gogorarazi du lege guztiak, tokikotik hasita Europara artekoak, "hondakinak bereiztera derrigortzen" dutela.
Horiek horrela, edukiontzi berdeak 250 grisekin ordezkatuko ditu. Tamaina bera dute edukiontziek. Alde bakarra da tapa nagusia giltzaz itxita daukatela eta, tapa horren gainean dagoen tapa txikia balio duela errefusa poltsak edukiontzian botatzeko. "Etxeko hondakin mota guztiak bereizten dituenak, gaineko taparen tamainarekin ez du arazorik izanen, sortzen den errefusa kantitatea txikia baita. Edo, pixoihalen kasuan, edukiontzira maiz botatzen diren hondakinak baitira. Batere bereizi edo hondakin batzuk bereizten dituztenendako goiko tapa txikiegia izan daiteke zabor poltsendako", azaldu du Gardek. Laguntza emateko, eta zalantzak argitzeko, Mank-ek herri horietako etxeetara gida bat bidaliko du. Gainera, edukiontziak aldatu behar diren herrietan azalpenak emateko zerbitzuko langileak joaten hasi dira.
Teknikariak argitu duenez, "egokitzeko, ilbeltzaren 31ra arte tapa nagusia zabalik egonen da". Mank-etik gogorarazi dutenez, itxi ondoren, hondakinak edukiontzietatik kanpo uzteak isunak eragin ditzakeela: 2.000 euro artekoak arriskutsuak ez badira, 200.000 eurora artekoak arriskutsuak badira.
Edukiontzi aldaketa hori egiteko Mank-ek 115.121,48 euro bideratu ditu, 57.605,39 euro bereak eta 57.516,09 euro Nafarroako Hondakinen Funtsarenak. Bestalde, kenduko dituen eta erabil daitezkeen edukiontzi berdeak enpresetan erabiltzeko baliatuko ditu ibarreko erakundeak.Lantegietako hondakin bilketa atez ateko sistema denez, bereizten duten edo ez kontrolatu dezakete. Konponketa behar duten edukiontziak konpondu eta enpresetan erabiliko dute. Hondakin Zerbitzuaren asmoa da, dirulaguntza lortuz gero, konponketak egin ahal izateko plastikoa soldatzeko makina bat erostea. Finantziaziorik ez badu, enpresa batera eramanen luke konpontzera. Erabili ezin diren edukiontzietako metala eta plastikoa bereizi eta birziklatzera eramango dituzte.