Mendi lasterketak

Mariren Kobak Traila Sakanatik pasa zen

Guaixe 2024ko aza. 28a, 11:00

Angel Garcia txapelduna, helmugan. _GUARESTI_

Marizulo koba (Aralar), Lezaundi (Urbasa) eta La Leze (Altzania) batu zituen orientazioa eta traila batzen dituen probak. Angel Garcia izan zen ibilbidea hamabi ordu baino gutxiagotan egin zuen bakarra

Mariren Kobak Trail mendi lasterketa oso berezia da, orientazioa eta traila batzen dituena. Antolakuntzak hamabi orduko epea ematen die korrikalariei Mari jainkosaren aterpe eta etxe ziren zenbait kobazulo lotzeko. Edizio honetan, bigarrena, Mariren Gipuzkoako eta Nafarroako kobazuloak batu behar izan zituzten korrikalariek, eta Sakanan izan ziren. 

Azaroaren 23an goizeko 7:00etan atera ziren lasterketan izena eman zuten hemeretzi korrikalariak Abaltzisketako Larraitzeko aparkalekutik, Txindokiren magaletik. Hotza eta haizea izan zituzten bidaide. Ibilbidean Mariren zenbait leze lotu behar izan zituzten: Marizulo kobazuloa (Txindoki-Aralar), Lezaundi (Urbasa) eta La Leze (Altzania), lasterketa Zegamako plazan despeditzeko (95 km eta 4.000 metroko desnibela). Ibilbidea ez zegoen markatuta, eta korrikalariek orientazioa eta planifikazioa landu behar izan zituzten. Eta toki berezi eta enblematikoetan, euskal mitologiako pertsonaiak zituzten zain. 

Galtzagorriak, momotxorroak, lamiak, Mari eta Basajaun
Korrikalariak berehala iritsi ziren Marizulora. Bertan Galtzagorriak zituzten zain. Aralar mendizerra gurutzatu, eta Lakuntzara jaitsi ziren. Bertan zuten lehen asistentzia gunea. Coruñan bizi den Salamancako Angel Garcia lehena iritsi zen Lakuntzara, atzetik Iker Karrera, Zigor Iturrieta eta Pablo Angulo zituela. Lakuntzan partaide guztiek kaskoa eta arnesa hartu behar zituzten, Beriain muturretik igotzeko. San Donato ermitara iritsi, eta ondoren Lizarragako Portura jo zuten, bigarren asistentzia gunera. Bertan sorginak eta momotxorroak zituzten zain.

 

Urbasako Lezaundi barruan lamiak topatu zituzten, beraiek eman zizkieten probako bigarren harriak. Urbasako kanpinean hirugarren asistentzia gunea zuten. Puntu horretatik aurrera soilik Angel Garciak eta Pablo Angulok gainditu zuten denboraren kortea. Horrela, Mariren hirugarren eta azken kobazulora iritsi ziren bi korrikalariak, Lezera. Bertan Mari eta Basajaun zituzten zain. Euskal mitologiaren legeak jarraituz, ezin izan zuten Mari zuzenean begietara begiratu eta ezin zioten bizkarra eman. 

Azkenean, abendura raid eta BTT orientazio probetan espezialista den Angel Garciak irabazi zuen Mariren Kobak Traila. Zegamara hamabi ordu baino lehenago iritsi zen lehena izan zen: 11:48:00. 90,7 km osatu zituen, eta 3.980 metroko desnibela gainditu. Bigarrena, Pablo Angulok, ia 13 ordu behar izan zituen (12:59:00, 95 km).