Fermin Herrerok Kirol Merituaren Zilarrezko Domina etxean du

Guaixe 2024ko aza. 28a, 11:30

Kirol merituen aitortza jaso zutenen talde argazkia, Nafarroako Jauregian. NAFARROAKO GOBERNUA

Maria Chivitek Nafarroako Jauregian gidatutako ekitaldian Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko presidente Martin Montañesek aipamen berezia jaso zuen, federazioko mendeurrenaren harira

Maria Chivite Nafarroako presidenteak atzo Nafarroako Jauregian gidatutako ekitaldian 2024ko kirol merezimenduen aitortza egin zen. Lehenik eta behin, Carmen Rubio arku-tiratzaileak Kirol Merituaren Urrezko domina jaso zuen, “arkulari gisa duen ibilbide nabarmen eta distiratsuarengatik”. 

Halaber, 25 Zilarrezko Domina banatu zituen Nafarroako Gobernuak, kirol munduan eta jarduera fisiko eta kirol arlokoetan egin duten ekarpenarengatik. Tartean zegoen Fermin Herrero Palomo. Altsasuarrak 36 urte baino gehiago egin ditu Altsasuko saskibaloia sustatzen, jokalari eta entrenatzaile gisa eta baita juntako kide eta zenbait urtetan CBASK-eko presidente izanez. Horretaz gain, 2008. urtean Nafarroako gizonen kadeteen selekzioa entrenatu zuen. “Pozik eta eskertuta” jaso zuen saria. 

Bestalde, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko presidente Martin Montañes irurtzundarrak ohorezko aipamenetako bat jaso zuen federazioaren izenean, Federacion Vasco Navarra de Alpinismoren sorreraren mendeurrena ospatzen ari den honetan.