Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolek Valentziako eta Nafarroa Beherako ikastetxe bana laguntzeko elkartasun kanpaina martxan jarri dute. Ikastoletako ordezkariek azaldu dutenez, "jasotako laguntza guztia ongi etorria izanen da bi gertakari lazgarrien ondorioz kaltetuak izan diren bi hezkuntza komunitateetan". Sakanako ikastolek gonbitea luzatu dute, "modu xumean bada ere, bi hezkuntza proiektuei sostengu solidarioa helarazteko".
Valentzia
Azaldu dutenez, "hizkuntza gutxituak saretzea helburua duen Txikiak Handi proiektuaren bitartez, Nafarroako Ikastolek harremana dute valentzieraz irakasten duen Escola Valenciana elkartearekin". Zehaztu dutenez, "ikastolek bezala, Escola Valencianak ere beren hizkuntzaren normalizazioa eta hezkuntza eredu propioa aldarrikatzen dituzte".
Sakanako ikastolek, Nafarroakoekin batera, elkarte horretako Picanya herriko Escola Gavina lagundu nahi dute. "Hezkuntza proiektu kooperatibo hau eta bere familiak oso kalteturik suertatu dira lastailaren 29an izandako GOIDIgatik. Bere bitartez, valentzieraz irakasten duten gainontzeko eskolak laguntzeko" asmoa azaldu dute. Diru ekarpenak ondoko plataformaren bidez egin daitezke: gofundme.com/f/escolagavina
Behe Nafarroa
Sute baten ondorioz Donamartiko Arberoa ikastolaren eraikina erre zen lastailaren 28an. Ikastoletatik jakinarazi dutenez, "zorionez ez zen kalte pertsonalik izan, baina kalte materiala izugarria izan zen". Bertako familia eta langileek sostengu kanpaina bat jarri dute martxan eta
on-line denda bat ireki dute: arberoadenda.wixsite.com/ikastola