GUAIXE Nafarpres Sarietako bost ataletan finalista izan da

Guaixe 2024ko aza. 29a, 13:40

Nafarpres Sariko sarituak antolatzaileekin batera. UTZITAKOA

Sari banaketatik esku hutsik bueltatu bagara ere, bost mailetan finalista gelditzea "ongi egindako lanaren aitortza" dela uste dugu lantaldean.

Nafarroako Tokiko Prentsaren Elkarteak, Nafarpresek, Nafarroako Tokiko Prentsaren III. Jardunaldia antolatu zuen Erriberrin atzo. Haren baitan I. Nafarpres Sarien emaitzak jakinarazi ziren. Sariketara 95 lan aurkeztu ziren. Guaixe fundazioa bost mailetan finalista izan zen. Elkarrizketa onenaren sarirako hiru hautagaietako bat izan zen maskulinitateari buruzko tailerreko parte hartzaileei egindako elkarrizketa. Diseinu editorialaren mailan Uda Sakanan zenbaki berezia izan zen finalista. Eta argazkilari profesionalen atalean Guaixen argitaratutako bi argazki izan ziren finalistak: Kanadan Maddi Beltza Beristaini egindako argazkia eta Titan Desert proban egindakoa. Azkenik, tokiko publizitate sarirako hautagai izan zen Guaixe fundazioaren bazkidetza kanpaina, Izan giltzarri. 

Nafarpres Sariko irabazleak

Erreportaje onena 
Goizueta, el santuario de las últimas vacas semisalvajes europeas.
Irene Guerrero eta Navarra Capital-ko taldea.

Elkarrizketa onena 
Dolua lantzen ez baduzu bizi osoan arrastaka eramanen duzu.
Ttipi-Ttapako Gurutze Pikabea.

Diseinu editorial onena 
Actualiazación disponible: F5.
Navarra Capital.

Tokien lantaldeetako argazki onena
Mendixuteko Rita Labiano.

Argazkilari profesionalek ateratako argazki onena
Ttipi-Ttapako Pablo Feo kolaboratzailea.

Publizitate instituzionala
Nexo Diseño y Comunicación taldeko Sandra Goldaraz.

Tokiko publizitate onena
La Voz de la Merindadeko Endika Iriso.


Hirugarren jardunaldia

Nafarpresek antolatzen duen Nafarroako Tokiko Prentsaren jardunaldia komunikazioaren sektoreko profesionalak bildu nahi izaten ditu urtean behin, bereziki tokiko hedabideetakoak, eskualdekoak eta digitalak, bai eta komunikazio-agentzietako arduradunak eta erakunde publikoetako ordezkariak ere. Erriberriko kultur etxera bertaratu zirenei Sandra Goldaraz Molinetek egin zien harrera. Elkarteak azken bi urteetan egindako lanik aipagarrienak nabarmendu zituen, esate baterako, Nafarroako tokiko prentsaren lehen azterketa eta Nafarpresen webgunea martxan jartzea. Lehendakariarekin batera, Javier Solano Nafarroako Gobernuko komunikazio zerbitzuko zuzendariak eta Hasier Morras administrazio publikoetan euskara garatzeko zerbitzuko zuzendariak parte hartu zuten ekitaldian. Erakundeen esku-hartzeen ondoren, unerik hunkigarrienetako bat izan zen Nafarpres ohorezko saria Jose Mari Esparzari eman zitzaionean, elkartearen sorreran eta azken 18 urteetan emandako babesagatik aitortza egin zion Nafarpresek. 

Jardunaldia bi hitzaldirekin osatu zen. Alde batetik, Iñaki Zabaleta Urkiola Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun, ikertzaile, kazetari eta idazleak eman zuen: Tokiko komunikabideak eta Europako hizkuntza gutxituetako hedabideak: erronka analogikoak, beharrezko lankidetza. Bigarren hizlaria, berriz, Javier Errea Mugica izan zen eta Prensa local y futuro hitzaldia eskaini zuen. Bertan, sektorearen erronkei eta aukerei buruzko hausnarketa egin zuen.