Binakako Txapelketa hasi berria da. Hasierako ligaxkako bi jardunaldi jokatu dira oraindik, eta beste hamabi daude jokatzeko, baina hasierak oso garrantzitsuak dira; galde diezaiotela Joseba Ezkurdiari. Beñat Rezustarekin bikote oso sendoa osatu du aurrelari arbizuarrak, eta jokatutako bi partidak irabazi ditu.
Lehenengoan Elordi eta Zabaleta 12 tantotan utzi zituzten, partida ikaragarria egin eta gero. Aspaldiko partez, ikusgarri aritu zen Ezkurdia. Eta bigarren jardunaldian Peio Etxeberriari eta Martijari 22-15 irabazi zieten Ezkurdiak eta Rezustak, larunbatean Labriten jokatutako partida gogorrean. Erritmo bizian hasi zen partida, eta hasieran Peio Etxeberriak eta Martijak izan zuten jokoaren ekimena, 3-8 aurreratuz. Oso ongi aritu zen bikoa. Etenaldira 11-12 aurreratuta iritsi ziren Etxeberria eta Martija, baina hortik aurrera partida guztiz aldatu zen: Ezkurdiak behetik gora egin zuen, eta etenaldi luzearen ondoren arbizuarra gailendu zen aurreko koadroetan. Hamar tanto egin zituzten segidan, eta zuzenean iritsi ziren 21-era, partida apurtuz. Azkenean, 22-15 irabazi zuten, eta sailkapenean bigarrenak dira Ezkurdia eta Rezusta beteranoak. Pozik eta gustura daude Ezkurdia eta Rezusta. Aurrelari arbizuarra bueltan da. Aldiz, Peio Etxeberria eta Martija sailkapenaren zuloan daude, lehen jardunaldian ere galdu egin baitzuten, 22-13, Altunaren eta Arangurenen kontra.
Igandean Donostiako Atano III.ean partida handia espero zen: Elordi-Zabaleta Altuna III.a-Arangurenen kontra, baina pronostikoek ez zuten asmatu. Elordik eta Zabaleta ikusgarri batek jokoz kanpo utzi zituzten Altuna eta Aranguren, eta 3-22 gailendu ziren Elordi eta Zabaleta. Lehen jardunaldian Ezkurdia eta Rezustarekin galtzetik zetozen Elordi eta Zabaleta, baina zalantza guztiak uxatu eta Altunaren eta Arangurenen gainetik pasa ziren. Zabaletaren jotzea ikaragarria izan zen, eta hori izan zen partidaren gakoa. Ia berak bakarrik mugitzen zuen pilota. “Pilotarekin Altuna pasatzea lortu dut. Azkenean pilota gastatu da, itsusitu da, baina horrekin tantoak egiten genituen eta aurrera egin dugu; bikote gisa oso ongi konpondu gara eta oso pozik gaude garaipenarekin eta egindako lanarekin. Bestalde, Altunak eta Arangurenek ez dute egun ona izan, eta horrek ere lagundu digu” azaldu zuen Zabaletak partida bukaeran.
Sailkapena
Gaur, abenduaren 9an Tolosako Beotibarrek bigarren jardunaldiko azken partida hartuko du, Peña-Albisuk eta Larrazabal-Mariezkurrenak jokatuko dutena. Momentuz, sailkapenean Laso-Iztueta eta Ezkurdia-Rezusta daude buruan, bina punturekin, eta Elordi-Zabaleta, Jaka-Imaz eta Altuna II.a-Aranguren dira hurrenak, puntu banarekin. Peña-Albisuk, Artola-Mariezkurrenak eta Etxeberria-Martijak ez dute punturik.
Hirugarrenak dakarrena
Hirugarren jardunaldia indartsu dator. Abenduaren 13an, ostirala, bi partida jokatuko dira. Urretxuko Ederrenan Jakak eta Imazek Artola eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari, eta Amorebieta-Etxanon Lasok eta Iztuetak Peña II.a eta Albisu. Abenduaren 14an Labriteak Elordi-Zabaletaren eta Peio Etxeberria-Martijaren arteko partida hartuko du, eta abenduaren 15ean txapelketa Bartzelonara mugituko da, Vall d´Hebronen Altuna III.a-Arangurenen eta Ezkurdia-Rezustaren arteko lehia erabakiko baita.