azken ordukoa

Ubeldea emari handiarekin

Guaixe 2024ko abe. 9a, 11:23

Ubeldeak emari handia du Bakaikuko zubian.

Azken egunetako euriteen ondorioz errekek eta ibaiek emari handia dute. Errepidean tentuz gidatzeko aholkatu dute. Nafarroako Gobernuak Uholde Arriskuari aurre egiteko Larrialdi Planaren 0 mailari eutsi dio. Eguraldi iragarpenaren arabera euria nabarmen gutxiago eginen da datozen orduetan.

Azken egunetako euriteen ondorioz errekak eta ibaiak emari handia dute. Ubeldeak gainezka egin duelako Asterain eta Irurtzun lotzen dituen NA-7010 errepidea itxita dago. Ibaiak gainezka egiten duen beste ohiko tokietako bat Uharte Arakil da. Han Irañetarako NA-2410 errepidea moztuta dago igandeko 19:00etatik. Baina ez da eguraldiak Uharte Arakilen eragindako ezusteko bakarra. Autobia azpiko pasa, herria eta Itxesi auzoa lotzen dituena, urpean gelditu zen asteburuan. Ura ateratzeko hodiak butxatu eta metro eta erdi eta bi metroko baltsa sortu zen. 


Elurragatik kateak behar dira bi puntutan: Aralarrera daraman NA-7510 errepidean, Baraibardik aurrera eta Andia mendia zeharkatzen duen NA-120 errepidean, Zunbeltz inguruan. 

Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du Iparraldeko Autobian (A-1) mantentze lanak direla eskuineko bide bazterra okupatuta dagoela Ziordirako norabidean bi puntutan: Altsasu parean eta Olatzagutiko porlandegiaren parean. Bi gune horietan arretaz gidatzeko eskatu du foru administrazioak. 

Bestetik, neguan gidatzeko aholakuak eman ditu ere gobernuak: besteak beste, elurra bota eta zuritzen badu, beste ibilgailuek utzitako gurpi arrastoetatik ez ateratzea, eta poliki eta leun gidatzea, martxa laburrean eta norabidea bat-batean aldatu gabe. Errepideen egoera eguneratua incidenciascarreteras.navarra.es webgunean eta 848 423 500 telefono zenbakian kontsulta daiteke.