Gizonezko batek emakumezko bat, bikotekide ohia, hil zuen Pasai Antxon abenduaren 1ean. Euskal Herrian indarkeria matxistak utzitako seigarren erailketa izan zen. Erailketa salatzeko Arbizun Bilgune Feministak (BF) deitutako elkarretaratzea egin zen abenduaren 2an eta Altsasun Itaia izan zen deitzailea.
Arbizun
BFko kideek "lehenik eta behin, babes eta elkartasun osoa" adierazi zieten hildakoaren senide, lagun eta gertukoei. Adierazi zutenez, "urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heretopatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela". Gaineratu zutenez, "emakume izateagatik erailtzen gaituzte eta hemen inor ez da ari beharrezko ardurarik hartzen!" Emakumezkoen kontrako protokoloek ez dutela ongi funtzionatzen salatu zuten.
Gaztigatu zutenez, "indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxista sistema oso batek babesten du eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu". Horren aurrean "neurriak jarri eta arazo horri dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumezkoon kontrako erasoak betikotzen dira". BFko kideek nabarmendu zutenez, "indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikoa da, eta hala hartua izan dadin eskatzen dugu. Gure bizitzak jokoan daude!" Aldi berean, "autodefentsa feministarako" deia egin zuten, "antolakuntza eta autodefentsa izango dira gure tresnarik egokienak".
Altsasun
Itaiak deituta Indarkeria matxistaren aurrean antolatu lelopean elkarretaratzea egin zen abenduaren 1ean. Sakanako Itaiatik adierazi zutenez, "egoera hau jasanezina da. Urgentziazkoa da horrelako berriak normalizatzeari uztea". Aldi berean, "indarkeria matxistaren kontra borrokatzera" deitu zuten.
112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.