Asteburuan gizonen erregional mailako hamabigarren jardunaldia jokatu zen eta gure taldeak ederki aritu eta gero, 9 puntu utzi zituen Sakanan.
Altsasu liderrak Mendillorri taldea hartu zuen abenduaren 6an Dantzalekun. 16. minutuan Unai Calvok Altsasu aurreratu zuen, baina lehen zatian markagailuan ez zen mugimendu gehiago egon. Bigarren zatia hasi eta berehala partidaren kontrola hartu zuen Altsasuk eta golak bata bestearen atzetik iritsi ziren. Joaquin Angelek, Unai Calvok, Aitor Floresek eta Eneko Verak asmatu zuten kontrako atean, eta 5-0 irabazita, galtzen zer den jakin gabe jarraitzen du Altsasuk.
Etxarri Aranatzek Elizondoko Giltxaurdin jokatu zuen abenduaren 6an, Baztan B taldearen kontra.
Lehia bizia izan zuten Baztanek eta Etxarri Aranatzek, baina 34. minutuan Jon Erdoziak Baztanen atea zulatzea lortu zuen, eta 47. minutuan Mattin Altzelairen gola iritsi zen. Horrela, abantaila polita lortu zuten Ioseba Bakaikoaren mutilak. Baztan saiatu zen, baina ezin. Aldiz, Aimar Lizarragak Etxarriren hirugarren gola sartu zuen eta 0-3 irabazita itzuli zen Etxarri Elizondotik.
Lagun Arteak Rotxapea B taldea hartu zuen abenduaren 6an Zelai Berrin. Sailkapenean gora egiteko partida garrantzitsua zuten lakuntzarrek, eta ez zuten huts egin. 27. minutuan Gaizka Sagarzazuk zulatu zuen Rotxapeakoen atea, eta 38. minutuan Mikel Agirrek bigarrena sartu zuen. Atsedenaldira 2-0ko errentarekin joan ziren lakuntzarrak. Bigarren zatian lehiak jarraitu zuen, baina markagailuan ez zen mugimendu gehiagorik egon eta 3 puntuak Lakuntzan geratu ziren.
Datorrena, derbia
Altsasu lider sendoa da, jokatutako hamabi partidak irabazi dituelako (36 puntu). Etxarri Aranatz du segika, bigarren, 6 puntura (30 puntu), eta Lagun Artea bosgarren da (22 puntu). Hain zuzen ere Etxarri Aranazko San Donato zelaiak Etxarriren eta Altsasuren derbia hartuko du abenduaren 14an, 15:45ean. Derbiek beti pizten dute interesa, baina Altsasu eta Etxarri sailkapenean lehen bi postuetan daudenez, are gehiago. Bestalde, Lagun Arteak sailkapenean zortzigarren eta arerio zuzena den Amaya izango du aurkari abenduaren 15ean, 19:00etan, Amayan.
Kopan aurrera egin du Etxarrik
Abenduaren 3an Kopako hamahirugarren multzoko hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Etxarri Aranatzek 4-1 irabazi zion Donezteberi Oinatz Carreñok, Aratz Mariñelarenak, Jon Erdoziak eta Aimar Lizarragak sartutako golei esker. Beraz, kopan aurrera egin du Etxarrik, taldeburu gisa partida guztiak irabazita (9 puntu).