Nafarroako Gobernuaren Intia sozietate publikoak antolatutako jardunaldiak batez ere lehen sektorean familia ondorengorik ez dagoen kasuei zuzenduta zegoen. Jardunaldi hori erretirotik gertu dauden edo jarduera uzteko asmoa duten pertsonei eta dauden ustiategien kudeaketa beren gain hartu nahi duten gazteei zuzenduta zegoen.
Zer da Intiak eskaintzen duena?
Guk Intian hiru zerbitzu eskaintzen ditugu. Haietako bat da familiaz kanpo pertsonak eta erretirotik hurbil dauden ustiategien jabeekin bitartekaritza egitea. Tutoretza eta jarraipena edo aholkularitza egiten dugu prozesuak irauten duen epe guztian. Eskutik eramaten ditugu bai ustiategia utzi behar duena, baita hartu behar duena.
Bitartekari lana egiten duzue?
Bai. Profil, itxaropen edo behar berdintsuak dituzten pertsonak harremanetan jartzen ditugu. Prozesua pertsonalizatua eta inpartziala da. Guk kontutan hartu edo baloratu behar den guztia baino ez dugu jartzen mahai gainean, baina azken negoziazioa beraien ardura da.
Nola da prozesua?
Egiten ari garen aurkezpenekin zerrenda edo datu base bat osatu nahi dugu, pribatua, guretako. Hartan, alde batetik, daude ustiategia utzi nahi luketenak eta, bestetik, ustiategi baten ardura hartu nahiko luketen gazteak. Orain zerrenda hori egiteko lanean ari gara. Dena aztertu ondoren, antzeko profilak dituztenak harremanetan jartzen ditugu. Esaterako, behi ustiategia duena eta behitegia hartu nahi duena.
Zerrendan sartzeko, zer?
Gurekin harremanetan jarri: intiasa.es edo 948 013 040 telefono zenbakiaren bitartez.
Zuekin harremanetan jarrita, zein da ematen duzuen lehen pausoa?
Badaude argi utzi behar diren gauza batzuk. Erreleboa hartzen interesa duenari esaten diogu ustiategiko jabearen konfiantza irabazi behar duela. Horretarako, hobe da elkarrekin lan egiteko denboraldi bat izatea. Bestalde, ustiategia hartu nahi duenaren datu guztiak hartuko genituzke: helbidea; abeltzaintza edo nekazaritza gustatzen zaion; beste herri batean bizi nahi duen edo ez, zeren garbi izan dezake herrian segi nahi duela; ustiategia erosi edo alokatu nahi duen, zeren diru gutxi badu argi izan dezake bakarrik ustiategia alokatu nahi duela... Horiek jasotzen ditugu aipatutako zerrendan. Horrela sortzen ditugu profilak, ondoren jendea elkartzeko.
Eta profil bateragarriak baleude?
Haiekin elkartuko ginateke, bulegoan edo ustiategian. Esan bezala, elkarrekin lan egitea gomendatzen dugu, ogibidea ikasteko. Eta konfiantza hartzeko. Bere bizi guztiko ustiategia ez dute edozeinen eskutan utzi behar. Bien arteko elkar ulermena egon behar du.
Erreleboak arrakasta izateko beste zerbait behar da?
Lehen sektorean lan egin eta herrietan bizi nahi izatea, hori da garrantzitsuena. Ez da egun bateko lana, urte osoan egon behar duzu herrian nekazaritzan edo abeltzaintzan lan egiten.
Halako prozesuetan ohikoak diren errezeloak badaude?
Bai, normalean, konfiantza falta. Negoziazioan arazoak sor daitezke, alokatzeko edo saltzeko garaian. Errelebo prozesuak bukatzeko gauza asko kontuan hartzen ditugu: ustiategiaren azpiegiturak, lizentziak, oso garrantzitsua den lurren jabetza... Beraz, bai, arazoak suerta daitezke.
Gainditzeko modukoak?
Jakina. Guk bi aldeak aholkatzen ditugu. Intiak dituen teknikari guztien aholkuak jasotzen dituzte, nekazaritzakoa, abeltzaintzakoa, kontularia... Azken hori oso garrantzitsua da ustiategiaren etorkizun berriaren bideragarritasuna aztertzeko. Ustiategia bertan behera ez uzteko ahaleginean, teknikarien bidez bakoitzaren asmoak edo beharrak, lehenik, argitu egiten dira.
Intiaren zerbitzu hau berria da?
Duela hiru hilabete hasi ginen. Badakigu sektore zaharkitua dela, belaunaldi aldaketarik ez duena. Nafarroako Gobernuak Lurberri programa martxan jarri du, haren bidez ustiategien eta gazteen zerrendak egiteko aukera izanen dugu. Arbizukoa programaren aurkezpena izan zen. Bestalde, nabarmendu nahiko nuke errelebo prozesuetan lehen instalazioko laguntzak gazteendako oso garrantzitsuak direla. Oraindik ez dugu 2025eko araudia, baina dugunean eskualdeetara joanen gara, gazteei azaltzeko.
Gaztea, zein adin tarte?
Aurten, eta badirudi heldu den urtean ere hiru laguntza mota izanen direla: betiko gazteendako laguntza, lanaldi erdiko laguntza eta 41 urtetik gorakoendakoendako.
Gobernuak zergatik erreparatu dio erreleboari?
Esan bezala, sektore zaharkitua daukagu, belaunaldi erreleborik ez duena, eta zaila da gazteak lehen sektorea aritzea atzerriko produktu batzuen inportazioagatik, etxaldeetako lan zamarengatik edo lurrak eskuratzeko ordaindu beharreko dirutzagatik. Saiatuko gara horri buelta ematen eta ea lehen sektorea eta herriak berpizten ditugun.