Euskaltzaindiak Ageriko bilkura egin zuen azaroaren 30ean eta aukera baliatu zuen maiatzean izendatutako urgazle eta ohorezko berriei diplomak banatzeko. Hogeita bat ohorezko euskaltzainen ikurra jaso zutenen artean Pello Mariñelarena Martinez etxarriarra dago, besteak beste, urtetan Nafarroako Ikastolen Federazioan lan egin duena. Diploma jaso zuten bederatzi euskaltzain urgazleren artean Ekaitz Santazilia Salvador dago, Iruñean sortutako lakuntzarra. Bera, besteak beste, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea eta Jose Mari Satrustegi Zubeldiak sortutako Fontes Lingua Vasconum aldizkariko zuzendaria da.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Adolfo Arejita Akademiako idazkariak egin zieten harrera urgazle eta ohorezko berriei. Bere mintzaldian, Urrutiak ohorezkoak laudatu zituen, euskara eta euskal kulturaren alde eginikoagatik, nork bere esparruan. Ondoren, urgazleak xaxatu zituen euskaltzainburuak, esanez pribilegioa dela urgazle izatea, baina izendapenak dakarren ardura gogoraraziz: "pribilegioa da urgazle izatea, bai, baina ardura galanta ere bai. Hortaz, hau ez da opari edo aitorpen hutsa, lanerako gonbita baizik".
Urrutiak gaineratu zuenez, "hau ez da opari edo aitorpen hutsa, Euskaltzaindiatik ere erantzun behar diegulako belaunaldi berri baten kezkei, mende berri eta korapilatsu baten erronkei erantzun behar diegulako elkarrekin. Elkarrekin baino ez dugulako aurrera egingo, euskarak elkartuta behar gaituelako: erakunde, gizarte eragile eta gizartea bera, eskutik hartuta. Abia gaitezen etorkizunera, ekin diezaiogun, gure ahultasunak onartuz, erabaki zuzenak edo zuzenenak hartuz eta modu positibo eta eraginkorrean jokatuz. Horretarako behar dugu zuen hauspoa, zuen gogoa eta zuen ahalegina. Ondo etorriak, bai, baina ekinerako".
Diploma jasotako bi sakandarrez aparte, ibarreko beste bi pertsona daude hizkuntzaren akademian: Castillo Suarez Garcia euskaltzain osoa eta Juan Luis Erdozia Mauleon euskaltzain urgazlea.