Joseba Ezkurdia ez zen fin ibili azkeneko Buruz Burukoan eta Lau eta Erdian. Ongi entrenatu, baina kantxan bere maila emateko arazoak zituen arbizuarrak. Baina bere errautsetatik altxatu, eta Binakako Txapelketa modu ezin ikusgarriagoan hasi du, Rezusta sendoaren laguntzarekin. Jokatutako bi jardunaldietan Altuna-Aranguren eta Peio Etxeberria garaitu dituzte, eta sailkapeneko lider dira. Hirugarren jardunaldian, Elordi-Zabaletaren kontra 3-22 erori eta jota eta minduta dauden Altuna eta Arangurenen kontra jokatuko dute, non eta Vall d´Hebronen, abenduaren 15ean. Bartzelonan bolada onean jarraitu eta lidergoari eustea da Ezkurdia-Rezustaren asmoa. Arbizuarra bueltan da, sentsazioak onak dira. Rezustarekin batera, txapelketan kontuan hartzeko bikote sendoa direla erakutsi diote katedrari. Ea beteranoen mailak hala segitzen duen.
Zabaleta vs Martija, Labriten
Elordik eta Zabaletak lehen jardunaldiko zalantza guztiak uxatu zituzten –22-12 galdu zuten Ezkurdia-Rezustaren kontra–, eta Altuna-Aranguren 3 tantotan utzi eta gero, txapelketa irabazteko faboritoen zerrendan daudela erakutsi zuten 2023ko txapeldunek Donostiako Atano III.ean. Zabaletaren jotzea ikaragarria izan zen, eta sasoi betean dagoela erakutsi du atzelari etxarrendarrak. Sailkapenean hirugarrenak dira, eta abenduaren 14an, Labriten, punturik gabe sailkapenaren zuloan dauden Peio Etxeberria eta Martija izango dituzte aurkari.
Etxeberriak eta Martijak ez dute gaizki jokatu, baina lehen jardunaldian Altunak eta Arangurenek mendean hartu zituzten eta, bigarrenean, Ezkurdia-Rezustaren kontra ongi hasi ziren, baina Ezkurdiak aginte makila hartu, eta ezer gutxi egin ahal zuten. Labriten partida zaila dute aurretik; bi atzelari eta jotzaile arakildarren arteko borrokak ikusmin handia piztu du. Bestalde, abenduaren 13an Jaka-Imazek Artola-Mariezkurrena dituzte aurkari Urretxun, eta Laso-Iztuetak Peña II.a-Albisu, Amorebietan.