Abiadura Handiko Trena (AHT) proiektuaren aurrean tren publiko eta soziala aldarrikatzen dutenen ordezkaritza Bruselan izan ziren. Haraino joan ziren Arabako eta Nafarroako plataformetako ordezkariak, Ekologistak Martxaneko garraio arloko arduraduna eta Tren Publiko, Sozial eta Jasangarri baten aldeko Koordinadorako bi kide.
Noiz egon zineten?
Abenduaren 1etik 6ra. Gonbita jaso genuen. Ekologistak Martxan taldeak Trena eta Klima kanpaina martxan dute, eta haren babespean Bruselara joan ginen.
Norekin bildu zineten?
Alde batetik, hainbat talde politikoetako Europarlamentariorekin egon ginen hainbat bileratan: PSOE, PP, Sumar eta EH Bildu. EAJkoarekin biltzen saiatu ginen, baina agenda arazoengatik ez ziguten harrera egin. Bestetik, Europar Batzordeko Klima zuzendari nagusiarekin eta T&E edo Transport and Environmenteko ordezkariekin. Azken hori fundazio moduko bat da, txostenak prestatu eta hainbat azterketa egiten ditu.
Zer moduzko harrera izan zenuten?
Harrera ona izan genuen. Egun dagoen trenbidea berreskuratzeko gure asmoa ideia ona dela esan ziguten gehienek. Esaten ziguten: "ez dizuete kasurik egiten?" Eta argi esan genien ezetz. Gure proposamena Iruñea eta Gasteiz artean dagoen trenbide linea aprobetxatzean oinarritzen da. Hura moldatuz eta eraberrituz, bertatik pasa daitezke aldirikoak trenak, merkantziak garraiatzen dituztenak eta abiadura handikoak. Bere garaian Europako kontu batzordeak esandakoa gogoan zuten: "saiatu behar da dauden lineak aprobetxatzen eta ez makro azpiegiturak egiten, soilik AHT pasatzeko, linea horietatik ezin direlako ez merkantzia ez bestelako trenik pasa". Gurea ideia ona zela ikusi zuten.
Talde politikoak ere iritzi horretakoak ziren?
Gehienak bai. PPkoak ere. Esaten ziguten Garraio Ministeriora joan beharra genuela, eta bertatik gure eskakizuna kudeatu.
PSOE-k zer zioen?
Jarrera irekia izan zuten, eta proposamena aztertzeko prest azaldu ziren.
Hemendik aurrera, zer?
Nafarroako eta Arabako plataformak elkartuko gara, eta, besteak beste, Garraio Ministeriora jotzeko kontaktuak, bideak eta bestelakoak lotzen saiatuko gara. Ideia da Oscar Puentek zuzentzen duen ministeriora jotzea da.
Beraz, balorazioa?
Positiboa da. Ea orain zer gertatzen den. Orain AHT egiteko hirugarren alternatiba hori mahaigaineratu dute (berez, 2018an aurkeztu zuten Hego Euskal Herriko gobernuek). Urdiain eta Altsasu artean pasatzen da Ezkiorekin bat egiteko, merkeagoa delakoan aurkeztu dute. San Pedrotik pasatzea, dena berdin zaie. Ez da logikoa. AHT lotura Ezkiotik edo Gasteiztik egitea, hor dute borroka. Gipuzkoako EAJk Ezkio lotura defendatzen du, Arabakoak Gasteiztik... barne borroka dute. Guk, ordea, argi dugu: Iruñea eta Gasteiz arteko egungo trenbidea berritu eta birmoldatu. Guk nahi duguna da herriak lotzen dituen benetako tren zerbitzu bat izatea. Orain herri asko daude trena ez dena eta gelditzen. Joan dira zerbitzuak kentzen, eta zerbitzurik gabe geratzen ari gara. Estatuko beste toki askotan egin dutena gertatzen ari da: ohiko trenak hiltzen uzten joan dira eta gero AHT jarri. Guk argi dugu dagoen trenbidean hobekuntzak eginez gero trenak 230 km orduko puntako abiaduran ere joan daitezkeela. Gasteiztik Iruñera joateko aldea zortzi minutukoa litzateke, edo txikiagoa. Eta, horretarako, AHT linea berri batek txikizioa sortzen du eta dirutza bideratu behar da, ez da oso logikoa.