Iruñea-Gasteiz eta Gasteiz-Iruñea autobus lineatan geroz eta zerbitzu gutxiago daudela, hori da erabiltzaile sakandarren kexua. Badirudi kexuek eragina izan dutela Lurralde Kohesiorako Departamentuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritzan eta emakida duen La Burundesa enpresa beste lau autobus zerbitzu berri eskaintzen hasi da abenduaren 2az geroztik.
Batetik, Iruñetik Olatzagutiara 09:30ean eta 12:30ean abiatuko dira bi zerbitzu berri, astelehenetik ostiralera. Bestetik, Olatzagutiatik Iruñera beste bi zerbitzu izanen dira 06:30ean eta 11:00etan, astegunetan ere. Goizeko 06:30etako autobus zerbitzua aurretik bazegoen, baina garagarrilaren 22an kendu zuten, eta abenduaren 2tik aurrera berriro martxan da, aipatutako beste hiru zerbitzuekin batera.