Azkena hozkailu bat izan da. NA-7100 errepidetik Lizarragara joateko bidegurutzearen ondoan, Batzarramendin, utzi zuten duela aste eta erdi. Dorraoko eta Etxarri Aranazko dermioen arteko mugan, beheko basoan, gurpil pila bota zituzten duela sei hilabete. Gauza bera egin zuten Unanu eta Etxarri Aranazko mugaren ondoan, beheko basoan hori ere, duela urte bat. Lizarragako basoa ere ez da salbuespena eta hondakinak botatzeko ere erabili izan dute. Dorraoko markesina parean sofak botata agertu dira. "Lizarragako portuko bihurgune guztiak hondakindegi bihurtuta daude", gaztigatu dute Ergoienako Udaletik. Obra hondakinak, altzariak, plastikoak eta bestelakoak ere agertu dira portuko errepide bazterrean. Lur sail pribatuetan ere bota izan dituzte hondakinak. Zenbait tokitan aspalditik ari dira hondakinak botatzen.
Hondakinak horrela botatzeak bi ondorio ditu. Bata, ingurumena kaltetzea. Bestea, Ergoienako udalak eta ibarreko hiru kontzejuek jasotako isunak. Esaterako, gurpilak bota zituzten batean 3.000 euro inguruko isuna ordaindu behar izan zituen hiru kontzejuetako batek. "Toki erakunde txiki batendako hori diru asko da", gaztigatu dute Ergoienako Udaletik. Isunaz aparte, hondakinen kudeaketa ere egin behar izaten dute kontzejuek, eta horregatik ere ordaindu behar izaten dute. Esaterako, Dorraoko Kontzejuak beheko basoan gurdikada bat gurpil eta hondakin atera zituen. Oraindik gehiago gelditzen da eta hainbat auzolan egin beharko dituzte. Lizerratarrak ere makina bat auzolan egindakoak dira Lizarragako portuko bazterretan botatakoak jasotzen. Auzolan horietaz aparte, beraien lur sailetatik hondakinak kentzen ere lana dute zenbait ergoendarrek. Haiek garbiketa egiten lan bikoitza dute, herriarena eta beraiena.
Ergoendarrak eta toki erakundeak egoerarekin "nazkatuta" daude. "Jende gutxi garela baliatzen dute hondakinak hemen botatzeko". Orain arte udalak ez zuen salaketarik jartzen, baina hemendik aurrera jartzea erabaki dugu. Honek ezin du horrela segi", nabarmendu dute. Lehenengo salatua hozkailua utzi zuen pertsona izan da. Udalak Foruzaingoan jarri zuen haren kontrako salaketa, eta hemendik aurrera hala eginen du. "Sakandarrek jakin dezatela hala jokatuko dugula aurrerantzean".
Ergoienako Udaletik esan dutenez, "hondakinak dohainik uzteko garbiguneak, garbigune mugikorra eta Utzubar EKOgunea ditu Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak. Aukera horiek izanda, ez dugu inolaz ere ulertzen nola jendeak hartu ditzakeen hondakinak eta basoan, portuan edo beste nonbait bota".