Urgentziazko neurrien dekalogoa Nafarroan euskararen larrialditik indarraldirako bideari ekiteko

Guaixe 2024ko abe. 13a, 13:30

Euskalgintzaren Kontseiluak eta berau osatzen duten Nafarroako eragileak prentsaurrekoan. UTZITAKOA

Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi duenez, "Nafarroa osoan hizkuntza eskubideak bermatzeko unea da". Euskararendako lege arkitektura berri bat eskatu dute, "zonifikazioa gaindituko dituena, eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena". Bide horretan foru administrazioaren bidelagun izanen direla esan du.

Euskalgintzaren Kontseiluak "euskara eta hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaudela" adierazi zuen azaroaren 28an, "baina pauso bat aurrera egin eta larrialditik indarraldira bideari ekiteko beharra aldarrikatu" zuen Kontseiluak. "Horretarako, lehen eginkizuna euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea" dela azaldu zuten. Aldi berean, Kontseiluak "euskararen normalizazioa berriro norantza egokian jarriko duen akordio sozio-politikoa bideratzeko erantzukizunean berretsi".

Kontseiluak berak onartu duenez "azken urteetan pausoak egin dira Nafarroan, hori ukaezina da, baina ez dira nahikoak oraindik ere. Uste dugu aurreko inertzia batzuek bere horretan jarraitzen dutela". Eta hainbat adibide eman ditu: Nafarroan ofizialak eta berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza baloratzen jarraitzen da, eta euskara laugarren mailako hizkuntza bihurtzen dute; euskarazko ereduan matrikulatzeko zailtasunek jarraitzen dute; funtzionario elebidunak legez diskriminatzen dira euskara jakiteagatik; edozein erabaki hartzean herritarren arteko kohesioari eragingo liokeen onurari baino, kontrakoen balizko oldarraldiari begiratzen zaio gehiegitan. Euskaraz bizitzeko eskubidearen gainetik jartzen dira hirugarren batzuen kexak. Ondorioztatu duenez, "bidegabekeria asko dago oraindik Nafarroan. Are gehiago, oraindik herritarrei hizkuntza‐eskubideak bizi diren tokiaren arabera aitortzen zaizkie". 

Egindakoei erreparatuta, "inertziak hausteko" asmoz, "egin beharrekoari arreta jarri" nahi dio Kontseiluak: "orain da garaia hurrengo urteetako politikaren oinarriak non kokatuko diren azaltzeko. Orain dagokie alderdiei esatea zein puntutaraino apurtu nahi duten urteetan euskaldunak diskriminatzeko abian jarri zituzten inertziekin". Nafarroako Gobernuari hamar gakoen gainean "determinazioz aritzeko" eskaera egiten dio. "Horietan guztietan urratsak ematen bidelagun izanen gaitu", berretsi du Kontseiluak. 

Urgentziazko neurrien dekalogoa 

1. Arkitektura juridikoa aldatzea ezinbestekoa da. Euskarak Lege berri bat behar beharrezkoa du, nafar guztion hizkuntza-eskubideak bermatuko dituena, zonifikazioa gaindituko duena, eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena.

2. Administrazioa euskaldundu behar da. Egungo merezimendu dekretua bertan behera utzi eta herritarrei harremana euskaraz bermatuko dien araudi berri bat egin behar da. Azken finean, administrazioan euskararen erabilera arautuko duen Dekretua behar da, eta horretarako Departamentuetako hizkuntza-planak martxan jarriko dira.

3. Euskararen aurrekontua handitu behar da. Aurrekontu osoaren %2 izanen da gutxienez. Honekin batera, hizkuntza politika gobernuaren politiken zehar-lerro bihurtuko da.

4. Hezkuntza-sistemak belaunaldi berriak euskalduntzeko sistema abian jarri behar da.

5. Helduen euskalduntzearen sektorea egonkortu eta indartu behar da.

6. Arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko neurriak behar dira.

7. Euskarazko hedabideak babestu behar dira.

8. Aisialdiaren euskalduntzea sustatu behar da.

9. Arnasguneak babestu behar dira.

10. Erabilera soziala eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ekimenak sustatu behar dira