Pintxopote Iraunkorrean lau parte hartzaile

Guaixe 2024ko abe. 13a, 13:27

Arakilgo pintxo lehiaketara aurkeztutako bat. ARTXIBOA

Elikagai xahuketaren inguruan kontzientzia pizteko ekimena da. Aurten formatua aldatu eta lehiaketa izanen da. Asteburuan dastatzeko aukera izanen da.

Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuak Pintxopote Iraunkorraren bigarren edizioa antolatu du. Lehiaketa Nafarroako Hondakin Funtsak finantzatu du %100ean. Joan zen urtean tokiko elikagai enpresen soberakinekin egin zituzten parte hartzaileek beraien pintxoak. Aurten formatua aldatu diote Pintxopote Iraunkorrari. Parte hartzaileek beraiek erabili gabe bota ohi diren produktuen zatiak izanen dira edizio honetako protagonistak. Horiekin pintxoak egin beharko dituzte ostalariek. 

Pintxoaren zati nagusiak izan daitezke normalean botatzen diren hostoak (borraja, mihilua, erremolatxa, azenarioa, brokolia, azalorea eta beste azak, orburuak, errefauak, arbiak) edo zati berdeak (porrua eta tipula), azalak (patata, tipula, arrainak, granada, laranja, limoia), zurtoina (erremolatxa, brokolia, ziazerba), pulpa (laranja edo limoia) edo bestelakoak (ogi gogorra, kafe hondarrak, ilar eta baba lekak, arrautza oskolak...)

Dastatzea eta lehiaketa
Lehiaketan lau establezimenduk eman dute izena: Arbizuko Juanito taberna, Etxarri Aranazko Aritzalko hotel jatetxea, Bakaikuko Koxko taberna eta Altsasuko Arkangoa taberna. Ostalariek sortutako pintxoak gutxienez asteburu honetako egun batean eskaini behar dituzte. Lehiaketara aurkeztutakoa zein pintxo den azaltzeko Zero Zabor Sakana proiektuaren parte dela adieraziko duen txartela izanen du aldamenean, lehiaketaren berri ematen duen kartelarekin batera. 

Lehiaketaren irabazlea pilotariz osatutako herri epaimahai batek aukeratuko du heldu den astean. Pintxopote Iraunkor lehiaketak hiru sari banatuko ditu, guztiak ere generoa izanen dira. Lehen sarituak mila euroko balioa duen generoa jasoko du, bigarrenak 600 eurokoa eta hirugarrenak 400 eurokoa. 

Pintxo jasangarrien eskaintza

Juanito
Torrija gazi jasangarria. Larunbatean.

Aritzalko
Aritzalkoko baratza. Larunbatean.

Koxko
Hiru Haitz. Larunbatean.

Arkangoa
Hirumugako Akerra. Ostiral, larunbat eta igandean.