Euskaltzaleen Topaguneak izena eta izana aldatzea erabaki du. Aurrerantzean Taupa, euskaltzaleen mugimendua izango da, eta Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretuko ditu. Horretaz aparte, eraldaketa sozial sakon bat eragin nahi dutela adierazi du Jasone Mendizabal Taupako koordinatzaile orokorrak: "Badakizue aldaketa norberarengandik hasten dela; horregatik ausartu gara garena eta egiten duguna ezbaian jartzera, eta aurrerantzean izan eta egin nahi duguna berrasmatzera".
Mendizabalek azaldu du hausnarketa prozesu bat egin dutela, jendartearekin konektatzeko bokazioz, eta euskararekin harreman ezberdina duten Euskal Herri osoko ia 200 lagunen bizipenak eta iritziak entzuteko aukera izan dutela. Bi bide egin dituzte. Batetik, Batera Jauzi izeneko jendarte laborategi bat osatu dute, euskararen erabilera biderkatzeko baldintzak aztertzeko. Eta, bestetik, Nafarroako herritarren artean euskararen aldekotasuna indartzeko diskurtso eta praktiken inguruko azterlan bat egin dute askotariko talde baten eskutik, Gero eta aldeko gehiago izenekoa.
Ondorioa argia izan da, Taupako zuzendariaren hitzetan: "Euskarak eta herri honek jauzi bat behar dute, eta jauzia eragiteko, gu geu gauden tokitik mugitu behar gara. Gauzak aldatzeko sortu ginen, eta gauzak aldatzera goazelako, eragin nahi dugun tamainako eraldaketa gorpuztea dagokigu".
Topagunetik, mugimendua gara
Euskal Herri osoko euskaltzalez osatutako mugimendu zabal bat irudikatu dute, euskara elkarteen bazkideetatik hasi, eta harago iristeko gai izango dena. Jon Zapata Taupako Aktibazio arduradunak azaldu du euskara elkarteak izan direla eta izango direla mugimenduaren muina, baina aurrerantzean, elkarteetan antolatuta egon gabe ere, euskararen alde ekarpena egin nahi duten herritarrek euskaltzaleen mugimendura batzeko aukera izango dutela, eta elkarterik ez dagoen herri eta eskualdeetan bizi diren euskaltzaleek nazio mailako erreferentzia berri bat izango dutela: "Euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera".
Irati Iciar Taupako lehendakariak esan du asko direla antolatuta egon edo ez, nork bere erara, ekarpena egiten diotenak euskarari eta hiztun komunitateari: "honaino iritsi bagara, milaka euskaltzaleren kemenari eta bizinahiari esker izan da. Zer gertatuko litzateke euskaltzale horiek guztiak saretuta egongo balira? Elkarren berri izango balute? Elkarrekin ahalduntzeko eta aktibatzeko modu berriak izango balituzte? Eta zer gertatuko litzateke, gainera, herri proiektu ilusionagarri baten eragile izan daitezkeela sinetsiko balute?" "Euskarak behar duen mugimendua izango genuke", —erantzun dio Zapatak— "jauzia eragiteko aukerak biderkatuko lirateke". Orain arte saretu ez diren euskaltzaleak saretzeko gakoetako bat euskaltzale bakoitzak bere aukera eta nahietara hobekien egokitzen den moduan parte hartzeko aukera izatea dela esan du. Horregatik, taupamugimendua.eus webgunearen bidez, parte hartzeko modu ezberdinak eskainiko zaizkie euskaltzaleei: informatzeko eta ahalduntzeko edukiak jasotzea, aktibatzeko proposamenak jaso eta egitea, eta mugimendua diruz babestea. Sarekide bakoitzak aukeratzen duen moduan parte hartuko du, eta nahi duena emango dio sareari. "Seguraski, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, horrelakoa baita aktibismoa bizitzarekin uztartzen dugunean: aldakorra", erantsi du Zapatak.
Aktibatzeko aukera berri eta berritzaileak proposatzea eta jendeari proposamenak egiteko aukera eta espazioak eskaintzea izango da sarearen erronka nagusia. Edonola ere, dagoeneko abian diren ekintzak izango dira oinarria: saretik bertatik sustatzen diren ekintzak ez ezik, beste eragile batzuek proposatutakoak ere bultzatzea da Tauparen bokazioa. Ekintzen izaerari dagokionez, batzuetan, aktibismo digitala izango da, eta gehienetan, kalekoa. Proposamenak indibidualak izan litezke, norberak bere kaxa eta denok aldi berean egiteko modukoak, ala kolektiboak, auzo edo herri mailan taldean antolatu beharrekoak.
Egiteko molde eta antolatzeko modu berri batzuei bide eman nahi zaiela azaldu du Zapatak: "Gure hipotesia da herritarrak aktibatzeko eta saretzeko aukera gehiago eskainiz, irismen handiagoa lor dezakegula". Horrela, mugimendua "eraldatzaileagoa, anitzagoa eta sendoagoa" izango dela erantsi du: "Euskarak, eta batez ere, euskaldunok halako mugimendu bat behar dugu".
Edozein kasutan, euskaltzaleak saretzeko eta aktibazio ildoa garatu ahal izateko denbora beharko dela argitu nahi izan du, eta Euskaraldian jarri du begirada. Izan ere, milaka herritar aktibatzen dituen ariketa sozial masibo bat da, ariketa bera gainditu, eta euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua eragin nahi duena; honenbestez, jendea saretzeko aukera ezin hobea da: "Datozen hilabeteetan, taupada guztiak Euskaraldiaren erritmoan jarri behar ditugu, berriz ere, erraldoia izan dadin. Pentsa, 320.000 herritar baino gehiago dira noizbait ahobizi edo belarriprest gisa parte hartutakoak; 10etik 1 euskaltzaleen mugimendura batzea lortuko bagenu, zertarako gai izango ginateke?"
Euskararen ardatzean komunitate zabala biltzea
Euskaltzaleen mugimendua indartzearekin batera, euskararen ardatzean komunitate zabala biltzea izango da Tauparen beste erronka nagusia. "Euskarak behar duen jauzia eragiteko, jendartea gehiago inplikatzea lortu behar dugu. Euskaltzaletasuna indartu eta zabaltzeko premia dugu, eta horrekin batera, epel edo hotz dauden pertsona eta sektoreak posizio aldekoagoetara erakarri behar ditugu", adierazi du Iciarrek.
Taupako lehendakariak azaldu du euskararen aldeko konplizitateak orain arte baino esparru gehiagotara zabaltzea ez dagoela soilik euskaltzaleen esku, eta ekosistema komunikatiboaren eta kulturgintzaren eragina, adibidez, sekulakoa dela. Alor horietan eragiten saiatuko direla, eta kultur sorkuntza herrikoia bultzatzen segiko dutela esan du, baina kanpora ez ezik, barrura ere begiratzeko beharra azpimarratu du: "Mugimendu gisa irekidura ariketa bat egin nahi dugu, sustatzen ditugun imajinarioak, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi, eta egiteko modu berriak probatzeko".
Hizkuntza, kultur eta jatorri aniztasunaren kudeaketaz ere jardun da Zapata: Harrera sare integral bat antolatzeko premia aldarrikatu du, eta harrera formalarekin batera, gizarte zibilaren ekarpena ere funtsezko jo du. Horregatik, herritarren arteko elkar ezagutza eta harremanak bultzatuz, aniztasuna eta kohesioa lantzen segitzeko beharra azpimarratu du, "orain arte bezala, eta are gehiago": "Hizkuntza harrera komunitarioa antolatzea egiteko estrategikoa da, eta euskaltzaleen mugimenduak, beste eragile batzuekin elkarlanean, zeregin handia du".
Iciarren hitzetan, herrigintzan dago erantzuna: "Euskararen ardatzean komunitate zabala bildu nahi badugu, euskararen garapena eta komunitatearena elkarren eskutik sustatu behar ditugu". 28 urteko ibilbidean, zentzu batean, horrela jokatu izan dutela azaldu du, eta tokiko komunikabideak edo Kafe Antzokia bezalako kulturaren arnasguneak jarri ditu horren adibide: "Herrigintzatik egin izan dugu euskararen alde, eta horretan sakondu behar dugu".
"Gurea herri proiektu eraldatzaile bat da, komunitate anitz, berdinzale eta justuago baten alde egiten duena, eta bestelako mugimendu sozial eraldatzaileen intersekzioan kokatzen dena", esan du. Horrela, herri mailako prozesu komunitarioak sustatzen ari direla azaldu du; euskaltzaleak eta euskaratik urrunago egon izan diren herritar eta eragileak elkarrekin aritzera gonbidatzen dituzte, etorkizunerako nahi duten herria elkarrekin irudikatzeko eta eraikitzeko. "Gurean, ez baita prozesu eraldatzailerik izango euskararik gabe, eta euskarak ez du etorkizunik izango eraldaketa sozialik gabe", erantsi du.
Datorrena 'erabileraren aroa' izan dadin
Euskarak eta herri honek jauzi bat behar dutela adierazi du Mendizabalek: "Aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, egun euskararen alde gabiltzanon erronka erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea da, Eneko Gorri kidea esan bezala, datorrena ‘erabileraren aroa’ izan dadin". Horretarako, azaldu du luzaroan beharko direla egoera eta eremu ezerosoetan euskaltzaleak euskaraz mintzatzen, eta beharko direla, baita ere, jarrera hori bultzatuko duten konplizitate berriak: "Ezerosotasunean aritu beharko gara Euskal Herrian euskaraz aritzea ohikoa eta erosoa bilakatu arte".
Hala ere, argi utzi du hiztunon borondatea ez dela aski: "Egiturazko baldintzetan ere eragin beharko dugu bizi dugun larrialdi egoera iraultzeko. Euskararen auziak agenda publikoan lehentasuna lortu beharko du, adostasun sozial, politiko eta instituzional berriak josi beharko dira, eta orain artekoak baino anbiziotsuagoak izango diren neurriak hartu". Euskalgintzaren Kontseilutik akordio berri horien alde bultzatzen segiko dutela adierazi du. Euskararen kontrako zenbait erresistentzia antolatzen eta indartzen ari direla ikusita, ausardiaz jokatzeko dei egin du, "atzera ez egiteko era bakarra aurrera egitea" delakoan.
Horretarako, euskaltzale mugimendu indartsu baten beharra azpimarratu du, eraldaketa egiteko eta eragiteko gai izango dena: "Euskaltzale aktibista gehiago behar ditugu, korrontearen kontra ere, euskaraz bizitzeko hautua egingo dutenak, eta eraldaketa gorpuztuko dutenak".