Pilota

Zabaletak irabazi zuen Martijarekin izandako atzelarien duelua eta Ezkurdiak galdu gabe jarraitzen du

Guaixe 2024ko abe. 16a, 10:00

Zabaleta eta Elordi, Labriteko garaipena ospatzen. UTZITAKOA

Binakako Txapelketan bolada onean daude Ezkurdia eta Zabaleta, baina Martijak ez du oraindik punturik bildu

Emozioak biltzen duen txapelketarik bada, Binakako Pilota Txapelketa da. Astebururo ikusmina handia da, eta jardunaldian zer gerta, hori da katedraren kezketako bat. Egunotan Binakako hasierako ligaxkako hirugarren jardunaldia jokatu zen, eta aurrekoak bezala, gatza eta piperra izan zuen. 

Abenduaren 14an Arakilgo atzelarien dolu handia hartu zuen Labritek. Elordi eta Zabaleta, batetik, eta Peio Etxeberria eta Martija, bestetik. Partida gogorra espero zen, eta lau pilotariek ez zuten huts egin. Hobe hasi ziren Etxeberria eta Martija, 2-8 aurreratu baitziren. Martija ikusgarri defendatu zen, eta Zabaleta estutu zuen. Une horretan, ezinean aritu ziren Elordi eta Zabaleta. Aldageletara joan zen atzelari etxarrendarra, lentilla mugitu baitzitzaion, eta ez zuen ongi ikusten. Handik bueltan, beste bat izan zen eta pilota berak dakien bezala mugitzen hasi zen. Izugarri jo zuen Zabaletak, eta aurreko koadroetan oso fin aritu zen Elordi. Horrela, gorriek partida iraultzea lortu zuten: Zabaletak zigortu zuen, eta Elordik min asko egin zuen ezkerrarekin. Azkenean, 22-15 gailendu ziren eta faboritoen artean segitzen dutela erakutsi zuten. 

Abenduaren 15ean Vall d´Hebronek hartu zuen Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldiko azken partida. Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezustak Jokin Altuna eta Aitor Aranguren zituzten aurkari gogorra aurreikusten zen norgehiagokan. Partidaren lehen zatian Jokin Altunak agindu zuen eta haren doinuari jarraiki dantzan aritu ziren gainontzekoak. Altuna eta Aranguren 8-6 aurreratuak zirela, Rezustak sekulako ezkerkada jo eta erreboteraino bidali zuen pilota. Pilota zortzi eta erdira atera zen, eta Arangurenek hura eraman nahi zuenean kolpe txarra hartu zuen eskuin eskuan eta horrek guztiz baldintzatu zuen partida. Haustura ez zegoela, eta aurrera segi zuen Arangurenek, baina konfiantza eta kontzentrazioa galdu zuen. Altuna pilota gehiagora sartzen eta jokoa nahasten saiatu zen, baina hortik aurrera Ezkurdia eta Rezusta izan ziren aurrea hartu eta 9-17raino joan zirenak. Azkenean, 11-22 irabazi zuten Ezkurdiak eta Rezustak. 

Sailkapena
Binakako hasierako ligaxkako hiru jardunaldi jokatuta, Laso-Iztueta eta Ezkurdia-Rezusta dira liderrak, hiruna punturekin. Elordi-Zabaleta hirugarren dira (2 puntu), Artola-Mariezkurrena laugarren (2 puntu). Jaka-Imazek eta Altuna III.a-Arangurenek puntu bana dute, eta Etxeberria-Martijak eta Peña II.a-Albisuk ez dute punturik bildu. 

Datorrena
Laugarren jardunaldian, Peio Etxeberria-Martijak Jaka-Imazen kontra jokatuko dute abenduaren 20an, ostirala, Oiartzunen. Abenduaren 21ean jardunaldi bikoitza egongo da. Ezkurdia-Ezustak Peña II.a-Albisuren kontra jokatuko dute Labriten, eta Elordi-Zabaletak Laso-Iztuetaren kontra Lekeition. Azkenik, abenduaren 22an Altuna II.a-Arangurenek-Artola-Mariezkurrena izango dituzte aurkari.