Futbola

Derbi sakandarra puntu banaketarekin despeditu zen

Guaixe 2024ko abe. 17a, 12:00

Etxarri Aranatzen eta Altsasuren arteko derbia emozio handikoa izan zen. ETXARRI ARANATZ K.E.

Erregional mailako laugarren multzoan Etxarri Aranatzek eta Altsasuk bina berdindu zuten San Donaton. Lagun Arteak ere berdindu egin zuen Amayarekin

Asteburuan gizonezkoen erregional mailan hamabosgarren jardunaldia jokatu zen eta hiru puntu Sakanan geratu ziren. 

Jardunaldian derbi sakandarra jokatu zuten Etxarri Aranatzek eta Altsasuk San Donato futbol zelaian. Sailkapeneko lehen bi taldeen arteko lehia espero bezain gogorra izan zen, bukaerara arte emozioa izan zuena. Mikel Urrestarazuk Etxarri aurreratu zuen 32. minutuan, eta atsedenaldira aldeko markagailuarekin joan ziren etxarrirrak. Bigarren zatia hasi eta berehala, ordea, Altsasuko Mikel Etxaizek bana berdindu zuen. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, eta 78. minutuan Unai Calvok Altsasu aurreratu zuen: 1-2. Altsasuk alde gehiago atera nahi zuen, baina Etxarrik ez zuen etsitzen, eta partida galduko zuela zirudienean, 94. minutuan bina berdintzea lortu zuen Mattin Karasatorrek, garaipen zaporea izan zuen berdinketa. Bukaera arte emozioa bizi-bizi egon zen San Donaton. 

Lagun Artea ere puntu batekin itzuli zen Iruñetik. Amaya izan zuen arerio talde lakuntzarrak. Bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren lehen zatian, baina Amaya finago aritu zen eta 2-0 aurreratu zen lehen zatian. Bigarren zatian 2-1 gerturatu zen lagun Artea Mikel Agirreren golarekin, baina handik 10 minutura hirugarren gola sartu zuen Amayak eta 3-1 jarri zen. Lagun Arteak ez zuen etsi; Iker Anduezari esker 3-2 hurbildu ziren lakuntzarrak, eta erremontatzeko ametsean sinisten hasi ziren. Jo eta ke aritu ziren lakuntzarrak, eta partida bukatzear zela, 95. minutuan Javier David Albenizek berdinketaren gola sartu zuen, garaipen zaporea izan zuena eta hiruna berdindu zuen Lagunek. 

Altsasuk jarraitzen du erregionaleko lider izaten (37 puntu) oraindik partida bat galtzerik ez dakiela. Etxarri Aranatz hirugarren postura jaitsi da (1 puntu) eta SAn Jorge jarri da bigarren (32 puntu). Oso estu dago sailkapena. Lagun Artea seigarren dago (23 puntu). Erregional mailak atseden hartuko du ilbeltzeko lehen asteburura arte. Altsasuk sailkapenean azkena den Alde Zaharreko Kluba taldea hartuko du Dantzalekun, Etxarri Aranatzek hamaikagarren den Universidad de Navarra B taldearen kontra jokatu du Iruñean, eta Lagun Arteak sailkapenean bigarren den San Jorge hartuko du Zelai Berrin. Irabaziz gero fabore handia eginen lioke Etxarri Aranatzi.