Klima aldaketa da urteko hitza

Guaixe 2024ko abe. 17a, 10:33

GOIDIaren ondoren, Nafarroako suhiltzaileak Valentzian lanean. ARTXIBOA

Euskaltzaindiak eta Uzei Terminologia eta Lexikografia Zentroak urteko hitz hautatu dute.

Aurreko urteetan bezala, Euskaltzaindiak eta Uzeik 2024ko hitza aukeratu dute. Klima aldaketa izan da aukeratu dutena. Bi erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez, "muturreko zenbait meteorologia gertakarik han eta hemen eragin dituzten arazo larrien harira, protagonismo nabarmena izan du aurten termino horrek". Gaineratu dutenez, "aldaketa klimatiko» esamoldeak, ez du halako erabilera zabalik izan". 

Gaineratu dutenez, "aurten, gero eta ohikoagoak diren muturreko zenbait gertakari meteorologikok, esaterako, lehorteak, uholdeek, poloetako izotz geruza urtzeak edo batez besteko tenperaturaren gorakadak, areagotu egin dute klima aldaketaren inguruko kezka. Besteak beste, aurtengoa inoiz izandako urterik beroena izango dela iragarri dute". Ondorioz, "albiste askoren harira, protagonismo berezia eta etengabekoa izan du aurten hedabideetan eta bestelakoetan klima aldaketa esamoldeak. Gainera, horixe da erabilera zabalena duen terminoa, pareko beste esamolde batzuekin alderatuta".

Bi hautatzaileek azaldu dutenez, "klima aldaketa ez da aurten sortutako kontzeptua: urteak dira askoren ahotan dabilela. Halere, azkenaldian, gero eta maiztasun handiagoz erabili da komunikabideetan, jendaurreko solasaldietan eta sare sozialetan". Hizkuntzaren akademiatik argitu dutenez, "hiztegian adibide gisa lehenagotik jasota egon arren, klima aldaketa esamoldea 2022ko ilbeltzaz geroztik dago azpisarrera gisa Euskaltzaindiaren Hiztegian: Lurreko klimaren ezaugarrien aldaketa, bereziki giza jarduerak eraginikoa adierarekin eta meteorologiaren arloko terminoa dela adierazten duen markarekin" jaso zuen Euskaltzaindiak.

Familia bereko beste termino batzuk
Corpusetako datuek erakusten dutenez, sinonimo gisa erabiltzen den aldaketa klimatiko ez dago hain zabaldua. Horregatik, Euskaltzaindiaren Hiztegian ez da jaso; oraingoz klimatiko adjektiboa jaso ez den bezala. Bestalde, sinonimoa izan gabe, bada klimatologiaren eta ingurumenaren arloko beste termino bat, kontzeptu horrekin zuzenean lotua dagoena: klima-larrialdia.

Azaldu dutenez, "gorago aipatutako albisteez hitz egiteko guztiz egokia izan daitekeen arren 'klima aldaketak ekar dezakeen egoera larria’ adiera duela dio hiztegiak, oraingoz hedabide orokor askok nagusiki klima aldaketa erabiltzearen alde egin dute, antza denez".