SGAko hiru kide prestakuntza ikastaroa egin dute

Guaixe 2024ko abe. 18a, 10:39

Nerea Viana Zugadi, Mayu Serreau Hübner eta Paki Urbitarte Cabrera diplomak eskutan dituztela. SGA

Europako Proiektuen Sustapen eta Kudeaketan trebatu dira. 

Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak eta NUPek elkarrekin antolatu dute Europako Proiektuen Sustapen eta Kudeaketarako Etengabeko Prestakuntza Ikastaroaren bosgarren edizioa. Haren helburua da Europako proiektuen kudeaketan behar bezala prestatutako profesionalak izatea. Prestakuntza ikastaroan parte hartu duten berrogei pertsonen artean Sakanako Garapen Agentziako hiru langile daude: Nerea Viana Zugadi, Mayu Serreau Hübner eta Paki Urbitarte Cabrera.

Foru gobernutik azaldu dutenez, "Europar Batasunaren 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruak interes handiko finantzaketa aukerak eskaintzen ditu Nafarroako enpresendako, baita Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileendako eta administrazioarendako berarendako ere". Horregatik, ikastaroan lurralde lankidetzako programetan (Horizon Europe, Digital Europe edo Life, besteak beste) adituak diren hainbat hizlarik prestakuntza teorikoa eman dute, funtsen eta laguntzen koordinazioa, kudeaketa eta kontrola Europar Batasunak ezarritako irizpideen eta eskakizunen arabera bideratzeko beharrezkoak diren gaitasunak trebatzeko.

Prestakuntza teoriko presentzialeko 30 orduei (irailaren 5etik urriaren 17ra) beste 30 lan ordu praktiko gehitu zaizkie, eta parte hartzaileek, taldeka, beren proiektu proposamenak prestatu zituzten. Proposamen horiek azken bi saioetan defendatu zituzten, azaroaren 21ean eta 22an.