Nafarroako Gobernuaren aurrekontuari hura babesten duten alderdi eta koalizioek aurkeztutako zuzenketak onartuak dira. Guztira hamabost milioi euroko balioa dute, haietatik hamar milioi udalei zuzeneko dirulaguntzak emateko dira eta beste bost milioiak gizarte erakundeendako. Sakanarekin zuzenean zerikusia duten bederatzi zuzenketa onartu dituzte parlamentariek, guztira 665.957 euro egiten dutenak. Hau da, zuzenketetarako zegoen diru poltsaren %4,43 ibarrera iritsiko da. Sakanak Nafarroaren %3,06 populazioa du. Zuzenketa horien bidez ibarrak jasoko duenetik 529.000 euro (%79,43) toki erakundeen inbertsioetarako izanen da, gainontzeko 136.957 euroak (%20,56), berriz, gizarte erakundeek jasoko dute.
Zertara
Uharte Arakilgo Larrabieta frontoia eraberritzeko 220.000 euroko proiektua du. Gobernutik jasoko dituen 120.000 euroekin teilatua berrituko du (EH Bilduren zuzenketa). Ondoren margoa eta komunak berritu, irisgarritasuna bermatzeko lanak egin eta sarbiderako sistema jartzeko asmoa du. Altsasuko Udalak, berriz, 300.000 euro (Geroa Bairen zuzenketa) jasoko ditu. Udaletxeko beheko solairua handitu eta ganboikoan dagoen artxiboa behera jaitsi, udaltzaingoaren bulegoa egokitu eta eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzeko lanak egin nahi ditu udalak. Lanek milioi bat eurotik gorako aurrekontua dute. Olatzagutiko Udalak Erburua kiroldegiko teilatua berritzeko 60.000 euro jasoko ditu (EH Bilduren zuzenketa). Aspaldi dauden itajurak konpondu nahi dituzte.
Sakanako Mankomunitateak, batetik, lehen sektorearen diagnosia egiteko 40.000 euro jasoko ditu (EH Bilduren zuzenketa). Haren bidez jakin nahi dute zer baliabide dauden ibarrean, zein pertsona dauden lehen sektorean interesatuta eta nekazaritza test gune bat sortzeko aukera legokeen jakin nahi dute. Eta Teknoadineko programarako guztira 69.000 euro jasoko ditu.
Aurrekontuetan Aralarko santutegiko aterpea berritzeko proiekturako 10 euro daude. Diru saila egonda, urtean zehar handitzeko aukera errazago izanen du gobernuak. Bestalde, Urdiaingo Aitziber Elkarteak igerilekuak legedira egokitu eta eraberritzeko 90.000 euro jasoko ditu (Geroa Bai eta EH Bilduren zuzenketa). Azkenik, Biak Bat elkarteak bi dirulaguntza jasoko ditu, bata, 22.000 eurokoa, Aztarnak uzten programa berrirako eta, bestea, 24.947 eurokoa Duna programaren bigarren faserako.