Garalurrek ondarean oinarritutako turismoari bulkada eman nahi dio

Guaixe 2024ko abe. 19a, 11:39

Aixita gazteluaren ikuspegia. ARTXIBOA

Gazteluen sareko ikus-entzunezkoak sortzeko lanen deialdia egin du elkarteak. Lana hartzen duenak, besteak beste, gotorlekuen berreraikuntza digitala egin eta bisita birtuala egiteko soluzio digitalen multzo bat sortu beharko ditu.

Cederna-Garalurrek garatu nahi duen Gazteluen sarea proiektuaren helburua da digitalizazio baliabideetarako sarbidea erraztea, inguruko gaztelu horiei lotutako ondare historikoa sustatzea. Horrek gotorlekuen berreraikuntza digitalak egitea eta haiei bisita birtualak egiteko aukera emateak inguruko ondare historikoari balioa emanen dio. Lanak 66.115,70 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Deialdian interesa duen enpresak ilbeltzaren 8ko 23:59ra arteko epea du eskaintza aurkezteko. Egitekoa bere gain hartzen duen enpresak urte bat izanen du lana despeditzeko. 

Egitekoen artean daude: gaztelu bakoitzaren 360º-ko irudiak bai barrutik, bai kanpotik eta hainbar ikuspuntutik; gaztelu bakoitza digitalki berreraiki eta haiek birtualki bisitatzeko modua eman (elebietan); gaztelu bakoitzari buruzko bideo bana sortu web loturetan edo QR bidez ikusteko; sortutako lan guztiekin aurkezpen bideoa egitea eta, azkenik, gaztelu bakoitzari buruzko dokumentazio txostena egitea. 

Testuingurua
Cederna Garalur Plazaola-Ultzamaldea-Sakana Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren erakunde kudeatzailea da. Planean jasotako jardueren helburu nagusia da Plazaola-Ultzamaldea-Sakana turismo helmuga jasangarri, irisgarri eta benetakoa izatea, turismoaren sektorea eraldatzen eta tokiko ekonomian duen pisua handitzen lagunduko duena, landa-gune txikietan enplegua sortzen eta zerbitzuak mantentzen lagunduz. Planak 5.000.000,00 euroko aurrekontua du lau ardatzetan banatutako 25 jardueratarako.

Planaren hirugarren ardatza trantsizio digitalari eskainitakoa da. Haren baitan dagoen 5.2.1 ekintzak aurreikusten du hiru eskualdeetan dauden Nafarroako gazteluen ibilbidearen berreraikitze digitala egitea. Bisita birtuala aintzat hartzen du ere, hainbat tipologiatan (gazteluak, dorreak, harresiak, burdinolak, eta abar). Beraz, helburua da inguruko gaztelu horiei lotutako ondare historikoa sustatzea. Hiru eskualdeetako ordezkariek baliabide horiei balioa emateko beharra ikusi dute, historia ondarea modu berritzaile eta erakargarrian erakusteko. Eta ezagutarazteko hainbat bitarteko sortu nahi dituzte. "Horri esker, bisitek kapilaritate handiagoa izango dute eta inguruko turismo-fluxuak hobeto banatuko dira", esan dute.