Pilota

Txapelak eta dominak, Sakanara

Guaixe 2024ko abe. 20a, 12:00

Nafarroako Kirol Jokoetako Buruz Buruko Txapelketetan eta Baztango Txapelketan oso fin aritu dira pilotari sakandarrak. Abenduaren 20an Buruz Buruko hirugarren faseko diplomak jasoko dituzte Labriten 

Egunotan makina bat pilota txapelketako final jokatu dira. Tartean, Nafarroako Kirol Jokoetako (NKJ) Eskuz Banakako Txapelketako benjaminen txapela Arbizuko Aldabide klubera iritsi zen, Hodei Loidik bi setetan hartu baitzuen mendean Abaxitabidea klubeko Narvaez (9-3 eta 9-6). 
Aldabidera iritsi den beste garaipen garrantzitsua XLIII. Baztango Txapelketako haurren B mailako txapela izan da, Oier Mendinuetak eta Iker Loidik (Arbizu) Xanet Aranburu eta Ibai Artola (Lazkao) mendean hartu baitzituzten.

Bestalde, NKJ-etako Buruz Buruko Txapelketako hirugarren fasea bukatu zen asteburuan, ligaxkan jokatu dena. Abenduaren 20an kategoria guztietako lehen sailkatuei diplomak banatuko zaizkie Labrit pilotalekuan. Lehen postuan geratu direnen artean kimuetan Erbiti (Irurtzun), Xuban Sanchez (Aldabide) eta Moral (Irurtzun) daude; benjaminetan Aratz Gartziandia (Aldabide), Cobos (Irurtzun), Tasio Arbizu (Aldabide), Goikoetxea (Irurtzun) eta Suhar Arrizabalaga (Aldabide); infantiletan Beloki (Irurtzun), Osinaga (Irurtzun), Oier Beramendi (Pilotajauku) eta Unax Azkona (Pilotajauku); eta kadeteetan Egoi Urtasun (Aldabide).