Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkak ekuadorea gainditu du, zortzi jardunaldi jokatu baitira. Zortzi jardunaldi horietatik zazpi irabazi dituzte Ezkurdiak eta Rezustak. Zazpigarren jardunaldian huts egin eta porrot mingarria hartu zuten, 6-22 galdu baitzuten Lasoren eta Iztuetaren kontra ilbeltzaren 2an Azkoitian jokatutako partidan. Baina berehala buelta eman zioten egoerari eta ilbeltzaren 4an 22-16 hartu zituzten mendean Elordi eta Zabaleta, Bilboko Deportivon jokatutako partida gogor eta ikusgarrian. Lehen zatian izugarri sufritu zuten Ezkurdiak eta Rezustak, 2-8 aurreratu ziren Elordi eta Zabaleta. Atzeko koadroetan Etxarrengo atzelaria nabarmendu zen. Baina bigarren zatian asko jokatu zuten Ezkurdiak eta Rezustak, partida orekatuz. Ezkurdia ikusgarri aritu zen, eta Rezusta partidan sartzen hasi zen, markagailuari buelta emanez, eta merezitako garaipena lortuaz, 22-16. Gogortasunean, hobeki moldatu ziren Ezkurdia eta Rezusta.
Bestalde, Peio Etxeberriak eta Martijak burua altxatu gabe jarraitzen dute. Ez dute oraindik garaipenik lortu. Azken jardunaldian 22-12 galdu zuten Altunaren eta Arangurenen kontra, partida lehiatuan. Bi bikoteek ezinbestekoa zuten jokoan zegoen puntua, baina azkenean gipuzkoarrendako izan zen. Etxeberriak eta Martijak ezinean jarraitzen dute.
Sailkapena
Binakako Txapelketan Laso-Iztueta jarri dira lider (8 puntu), Ezkurdia-Rezusta puntu berdinekin bigarren direla. Elordi-Zabaleta dira hirugarren (5 puntu), Artola-Mariezkurrena laugarrenekin puntutara berdinduta. Jaka-Imaz bosgarrenek 4 puntu dituzte, eta Altuna III.a-Arangurenek 3 puntu. Behealdean, Peña II.a-Albisu dira zazpigarrenak (puntu 1), eta Peio Etxeberriak eta Martijak ixten dute sailkapena, punturik gabe.
Bederatzigarren jardunaldiak dakarrena
Ilbeltzaren 10ean, ostirala, Ezkurdiak eta Rezustak Peio Etxeberria eta Martija izango dituzte aurkari Getariako Sahatsaga pilotalekuan. Lehenek ez dute sailkapenaren goiko postuetatik jaitsi nahi, eta bigarrenek, aldiz, euren lehen puntua lortu nahi dute. Beraz, lehia latza espero da. Ilbeltzaren 11n jardunaldi bikoitza jokatuko da. Artola-Mariezkurrenak Peña II.a-Albisuren kontra jokatuko dute Etxeberrin, eta Jaka-Imazek Laso-Iztuetaren kontra Iruñeko Labriten. Azkenik, ilbeltzaren 12an Elordik eta Zabaletak Altuna-III.a-Aranguren dituzte aurkari Gasteizko Ogetan.