Erailketa matxistekin "nazkatuta, nekatuta eta haserre"

Guaixe 2025ko urt. 8a, 10:00

Arbizun egindako elkarretaratzea. UTZITAKOA

Euskal Herriko Mugimendu Feministak Barakaldon gizonezko batek bere ama hil izana salatzeko kontzentrazioak egin zituen. Mobilizazioetan azaldu zutenez, "bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak".

Hainbat sakandarrek parte hartu zuten Barakaldoko erailketa salatzeko Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako kontzentrazioetan. Feministek, lehenik, "babes eta elkartasun osoa adierazi" zieten hildako 84 urteko emakumezkoaren senide, lagun eta gertukoei. Mugimendu feministako kideek adierazi zutenez, erailketa "jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari bat gehiago da. Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla".

Gaineratu zutenez, "indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu". Horren adibideak ere eman zituzten: "indarkeria matxista da emakumeon* diru iturriak kontrolatzea, indarkeria matxista da kaletik begiradarekin akosatzea, indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun dugun bakoitzeko gure hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea eta hartu beharreko ardurei entzungor egitea, eta indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat, zoritxarrez".

Mugimendu feministako kideek adierazi zutenez, "emakumeak soilik emakume izateagatik erailtzen gaituzte eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazkoa mekanismoak behar ditugu hemen eta orain". Nabarmendu zutenez, "egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu".

Indarkeria matxistari aurre egiteko exijitu zuten "egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela. Gure bizitzak daude jokoan!". Aldi berean, "saretzeko, antolakuntzarako eta autodefentsa feministarako deia" egin zuten. 

112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.