Miguel Berazak gidatzen duen Irurtzun pilota klubak Gabon zoriontsuak pasa dituela ez dago zalantzarik. Abenduaren 20an Nafarroako Binakako Pilota Txapelketako bi final garrantzitsuenak jokatu zituzten Irurtzungo klubeko pilotariek: lehen mailako finala, eta bigarren mailakoa.
Lehen mailan txapelketa bikaina eginda iritsi ziren finalera Irurtzun klubeko Josu Igoa eta Aaron Arbizu etxarriarrak. Finalean bikote indartsua izan zuten aurkari, Oberenako Oihan Canabal eta Peio Oskoz. Finala aurreikusi bezain parekatua, borrokatua eta gogorra izan zen, azken tantoan erabaki zena. Berdintasuna, hori izan zen ezaugarri nagusiena. Igoak eta Arbizuk ederki izerditu behar izan zuten partida osoan zehar, Canabalek eta Oskozek finala oso zail jarri baitzieten. 20-18 aurreratu ziren Igoa eta Arbizu, baina Oberenakoek ez zuten etsi eta 21era berdindu zuten. Azken tantoan, Oskozek ezin izan zuen sakandarren bolea bat ongi erantzun eta Aaron Arbizuk eta Josu Igoak jantzi zuten Nafarroako Binakako txapela, merezitasun osoz. Hamabost urte beranduago Binakako Txapela Irurtzun klubera itzuli da.
Bigarren mailan Salcedo-Lazkoz alde handiz nagusi
Lehen mailakoak ez ziren Irurtzun klubak lortutako txapel bakarrak izan. Nafarroako Binakako bigarren mailan Haritz Salcedok eta Jon Lazkozek (Irurtzun) Ultzama-Buruzgain klubeko Dani Sanchez eta Javi Murillo izan zituzten aurkari, baina kasu honetan ez zen lehen mailako parekotasuna egon. Salcedo eta Lazkoz erraz gailendu ziren, 22-9, batere fin ibili ez ziren Sanchezen eta Murilloren kontra.
Nafarroako Binakako txapelik preziatuenak jantzita urtea despeditu eta gero, bestelako erronketan are gogotsuago ari dira Miguel Berazaren pilotariak.