Egunotan gizonezkoen erregional mailako hamalaugarren jardunaldia jokatzen ari da. Altsasu liderrak Alde Zaharreko kluba talde iruindarra hartu zuen ilbeltzaren 4an Dantzalekun, eta talde gorritxoa hasieratik gailendu zen, 41. minuturako 4-0 aurreratu baitzen Aitor Augustok, Julen Floresek, Imanol Lobok eta Eneko Verak sartutako golei esker. Alde Zaharreko kluba lehen zatiko azken minutuetan 4-2 hurbildu zen, baina ilusio hutsa izan zen, bigarren zatia hasi eta berehala Asier Claverrek Altsasuren bosgarren gola sartu zuelako. Azkenean, 5-3 irabazita hasi zuen urtea Altsasu liderrak, 40 punturekin.
Lagun Arteak, aldiz, ilbeltzaren 7an, asteartearekin jokatu zuen hamalaugarren jardunaldia, sailkapenean bigarren den San Jorgeren kontra, Zelai Berrin. Ongi aritu ziren lakuntzarrak, baina, tamalez, 1-3 galdu zuten eta ezin izan zuten punturik gehitu. San Jorgek bigarren jarraitzen du sailkapenean (35 puntu), Altsasu liderretik 5 puntura, eta Lagun Arteak zazpigarren postuan jarraitzen du (23 puntu).
Etxarri Aranatz, ilbeltzaren 8an
Azkenik, sailkapenean hirugarren den Etxarri Aranatzek (31 puntu) sailkapenean hamaikagarren den Universidad de Navarra B taldea izango du arerio ilbeltzaren 8an, OPUS-eko unibertsitatean 19:30ean hasiko den lehian.
Hamabosgarren jardunaldia
Altsasu liderrak sailkapenean hamalaugarren den Baztan izango du aurkari ilbeltzaren 11n Elizondoko Giltxaurdin 17:30ean jokatuko den partidan. Etxarri Aranatzek ilbeltzaren 12an sailkapenean hamabigarren den Arga Ibaia taldea hartuko du San Donato Zelaian, 15:30ean. Bukatzeko, Lagun Arteak egun bosgarren den Berriozar izango du aurkari ilbeltzaren 11n 16:00etan Berriozarren jokatuko den partidan.
Etxarri Aranatz kopan aurrera
Etxarri Aranatzek asteburuan Kopako final laurdenetako kanporaketa jokatu zuen Ilunberriren kontra Lardin zelaian jokatutako partida borrokatuan. 20. minutuan Xabier Igoak Etxarri Aranatz aurreratu zuen, eta partida horrela bukatuko zela zirudienean, 87. minutuan Ilunberrik berdinketaren gola sartzea lortu zuen. Azken minutu zoroetan Aritz Mariñelarenak garaipenaren gola sartu zuen 96. minutuan, etxarriarren zoramenerako. Talde etxarriarra kopako finalerdietan dago.