Sakanako Mankomunitateak bere komunikazio estrategia zehaztua du. Eta Sakanako Garapen Agentziak horretaz aparte sareetan hedapen estrategia ere prest du. Horiek egin dituzte “ezarritako helburuak lortzeko eta Mank-ek bultzatutako politika publikoen garapenean herritarren eta eragile sozioekonomikoen parte hartze handiagoa lortzeko, beharrezkoa da komunikazio estrategia propioa definitu eta ezartzea”. Bi erakundeen “estrategia horiek modu koordinatuan eta eskualde ikuspegiarekin hedapena egiteko, oinarrizko funtzionamendu operatiboa behar da, bai eta beste kanpaina eta komunikazio ekimen batzuk ere”. Lan horiek eraginkorrak izateko, bi erakundeek beharrezkoa jo dute Sakanako Garapen Agentziak komunikazio arduradun bat kontratatzea, eta, aldi berean, Sakanako Mankomunitateari zerbitzua ematea.
Komunikazio korporatiboaren kudeaketan esperientzia duen profesional proaktiboa nahi dute. Utzugane garapen zentroan lanpostua izanen du, diziplina anitzeko talde bateko kide izango da, eta komunikazio kanalen kudeaketaren erantzukizun osoa hartuko du bere gain, arlo bakoitzeko arduradunekin lankidetzan. Gainera, zuzendaritzari laguntza emango dio komunikazio estrategia egokitzeko eta eguneratzeko, eta haren ezarpen eraginkorra bermatuko du.
Baldintzak
Deialdia egiterakoan honakoak eskatu dituzte: idatzizko eta ikus entzunezko komunikazioarekin lotutako goi mailako ikasketak izatea (Lanbide Heziketako Goi Mailako Gradua edo unibertsitate gradua), eskarmentu frogagarria eta euskara C1 maila edo baliagarria. Lana ematerakoan kontuan izanen dituzte hautagaien berariazko prestakuntza, esaterako: sare sozialen kudeaketa, komunikazio estrategia, diseinu grafikoa eta beste. Kontuan hartuko dituzte gaitasunak dira: auto antolakuntza, talde lanerako gaitasuna eta arazoen ebazpenerako gaitasuna.
Eskaintzen den kontratua mugagabea da, baina bi hilabeteko probaldia egin beharko da. Lanaldi erdiko lana da, urtean guztira 796 ordu. Hala ere, lanaldia beharren eta jardunaren arabera zabal daitekeena. Soldata B mailari, zuzendaritzarako laguntza, dagokiona izanen da, dagozkion osagarriekin. Ordu malgutasuneko neurriak ere izanen dira. Curriculum vitaea eta interes adierazpena info@sakanagaratzen.com e-posta helbidera bidali dezake deialdian interesa duenak. Deialdiari buruzko informazio gehiago Sakanako Garapen Agentziaren sareetan dago.