Errolda ziurtagiria modu automatizatuan eska daiteke

Guaixe 2025ko urt. 9a, 10:00

Herritarrak Altsasuko udaletxera sartzen. ARTXIBOA

Kudeaketa modu eroso, azkar eta eraginkorrean artatzen da ahots roboten bidez. Nafarroako Gobernuak Europako MRR funtsen bidez sustatutako toki erakundeak digitalizatzeko proiektu bati esker.

Altsasuarrek eta olaztiarrek dagoeneko eska dezakete udalerrian erroldatuta egotearen ziurtagiria modu automatizatuan, edozein unetan, joan etorririk, itxaronaldirik, aurretiko hitzordurik eta dokumentazio-entregarik gabe. Horretarako 012 zerbitzura telefono dei bat besterik ez da egin behar. Ahots automatizatu batek bideratuko du izapidearen eskatzailea. Kudeaketan zehar arazoren bat balego, 012 lantaldeko profesionalek, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 18:00etara, deia harrapatu eta gorabehera konponduko lukete.

Tracasa Instrumental sozietate publikoak ezarri du errolda-ziurtagiria eskatzeko soluzio teknologiko hori. Altsasu eta Olatzagutiko udalez aparte, Nafarroako beste 30etan ere indarrean da. Aurrerapen hori ahalbidetzen duen soluzioak ahots-robotak erabiltzen ditu kudeaketa horri erantzuteko, eta herritarrek modu erosoagoan, azkarragoan eta eraginkorragoan jaso dezakete ziurtagiria etxean.

Emandako pausoa garrantzitsua da udal zerbitzuetarako sarbidea digitalizatzeko eta modernizatzeko, Nafarroako Gobernuak Toki Entitateentzako Digitalizazio Plan Estrategikoaren esparruan abian jarritako "Omnikanalitatea, automatizazioa eta mugikorretik irisgarritasuna" proiektuari esker. Plan horrek Nafarroako Gobernuak toki entitateei laguntzeko eta haiekin lankidetzan aritzeko konpromisoari erantzuten dio, digitalizazioa eta modernizazioa sustatzeko, herritarren zerbitzura. Aurreikuspenen arabera, 'voicebots' bidezko arretaren hedapenari esker, katastroko eskaerei ere erantzun ahal izango diete udalek aurki.