Areto futbola

Sakanako Atletismo Kopa, Erkuden San Martin eta Ekhi Congil etxarriarrendako

Guaixe 2025ko urt. 9a, 10:40

Erkuden San Martin eta Ekhi Congil, Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorriaren podiumean.

Sakanako Mankomunitateak antolatutako eta Lasa Kirolak-ek babestutako XVII. Sakanako Atletismo Kopan lau probek puntuatu zuten.

Sakanako Mankomunitateak XVIII. Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sari Nagusia antolatu zuen 2024an. Lau probek puntuatzen zuten: maiatzaren 19an Urdiainen jokatutako XVIII. Aitzkibil elkartasun krosak; ekainaren 15eko Ziordiko XI. Lasterketa solidarioak; irailaren 21eko Ergoienako XVIII. Birak, eta abenduaren 8an Altsasun jokatutako Zubeztia Elkartearen XLIII. Lasterketak. 

Sakanako Koparekin korrikalari sakandarrek ibarreko lasterketetan parte hartzera bulkatu nahi ditu Mank-ek. Horrela, Sakanako Kopan lasterketa hauetan parte hartzen duten Sakanako hamar korrikalari onenek puntuatzen zuten, hamar emakumezkok eta hamar gizonezkok. Bestalde, Kopako azken sailkapenean puntuatzeko aipatu lau probetatik gutxienez hirutan parte hartu behar zuten korrikalariek. 

Mank-eko Kirol Zerbitzutik azaldu dutenez, emakumezkoetan Erkuden San Martin Gonzalez etxarriarra izan da Kopako txapelduna, Noemi Cordero Diazen eta Maite Zabaleta Gomezen aurretik. Gizonezkoetan beste etxarriar batek irabazi du Kopa, Ekhi Congil Mendiolak hain zuzen ere. Bigarren Aritz Etxeberria Bengoetxea izan da, eta hirugarren Ivan Sobredo. Ildo honetan, hirugarren posturako Ivan Sobredoren eta Imanol Guerrero Zelaiaren artean berdinketa egon zen, baina arautegia jarraituz zozketa egin da eta Ivan Sobredo izan da irabazle. 

Sailkapen osoa Sakanako Mankomunitateko webgunean dago kontsultagai. 

Sariak
Txapeldunek 80na euro lortuko dituzte Lasa Kirolak-eko kirol materialean, bigarrenek 60na euro, eta hirugarrenek 40na euro. Bestalde, lau lasterketak osatzen dituzten korrikalarien artean sari bat zozketatuko du antolakuntzak. Oraindik ez da zehaztu noiz izango den sari ematea.