Aralar mendiak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ibilbidea zehazteko geologia laginak egiten ari dira. El Correo egunkariak ilbeltzaren 7an zabaldu zuenez, laginketa lanak egiteko makinen kontrako sabotajeak egiten ari dira. Eta langileek jarritako taketak edo seinalatzeko makilak tokiz mugitzen dituzte. Egunkari bizkaitarrak gaineratu zuenez, langileek Aralarren Nafarroako isuriko herrietako biztanleen eta zinegotzien bisitak ere izan dituzte. Egunkariak adierazi zuenez, horrek langileen jarduna mantsotzen du. Diario de Navarrak ilbeltzaren 8an eman zuen horren berri.
Hori guztia kontuan hartuta, UPNk Nafarroako Parlamentuari eskatuko dio Aralarren AHTren laginketa lanetako sabotajeak eta hertsatze-ekintzak gaitzesteko. Erregionalistek salatu dutenez, gertaerek "zoritxarrez, iraganeko gertaerak gogorarazten dituzte". UPNko kideen iritziz, "oso larria eta arduragabekeria da zinegotziak eta, beraz, kargu publikoak egotea". Hori dela eta, "inplikatutako zinegotzien alderdi politikoei eta afiliatuak edo jarraitzaileak izan daitezkeen herritarrei” eskatu die "horrelako jarduerak bertan behera uzteko eta langileak errespetatzeko".
Aldi berean, alderdi erregionalistak eskatu du "Estatuko segurtasun indarrei eta kidegoei eskatu diezaietela ekintza horiek egiten ari direnen aurka egiteko". Era berean, "agintari arduradunei eskatu die langileen segurtasuna zaindu dezatela eta obren garapena berma dezatela inolako atzerapenik gabe".