Makina bat sakandarrek presoen euskal presoen etxeratzea eskatu zuten

Guaixe 2025eko urtarrilaren 13a

Sarek jendetza batu zuen Bilbon. UTZITAKOA

Sarek Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartu zuten.  Deitzaileek exijitu zuten euskal presoei espetxe politika arrunta aplikatzea. 

Sarek Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza leloa zuen manifestazioa deitu zuen Bilbon larunbaterako. Sareko bozeramaileek azaldu zutenez, "dudarik gabe nahi genukeen baino motelago, baina ongi goaz". Hala ere, euskal presoak etxeratzeko "bulkatzen jarraitzeko" eskatu zuten Sareko kideek. "Batasunetik eta zuzenbidearen eta giza eskubideen aldeko konpromiso militantetik baizik ez diogu bukaera emango konfrontazioz eta sufrimenduz beteriko garaiari".

Deitzaileek gaztigatu zutenez, "salbuespen batzuk indarrean daude oraindik. Batetik, duela 20 urte baino gehiago, euskal gizarteak egun bizi duenaz guztiz bestelako garaietan onartu ziren legeek eragiten dituzten salbuespen neurriak, eta, bestetik, espetxeetako gestioan egunero aplikatzen direnak". Azaldu zutenez, "gradu progresioei, espetxe baimenei eta zigorrak betetzeko beste eredu batzuei dagokienez, motibazio politikoko presoei aplikatzen zaien tratamendua diskriminatzailea dela beste preso batzuek jasotzen dutenarekin alderatuta".

Sareko kideek zehaztu zutenez, "ez dugu inolako pribilejiorik eskatzen, espetxe politika arruntaren aplikazioa baizik, salbuespenik gabe, diskriminaziorik gabe, abagune politikoaren menpe egon gabe. Gainerako presoei ezartzen zaizkien tratu eta irizpide berberak eskatzen ditugu. Eskatzen dugu ez daitezela geldiarazi hirugarren gradurako progresioak eta espetxe baimenak, ez eta zigorrak kartzelatik kanpo betetzeko beste edozein eredu ere". Aldi berean, nabarmendu zutenez, "ezarritako zigorrek ezin dituzte presoen eskubideak ezabatu. Ezin diete askatasunerako eskubidea galarazi".

Aurrera begira 
Sareko bozeramaileak esan zuenez, "indarkeriarik ez izatea baino askoz gehiago den bakearen garaia. Eskubideak ekartzen dituen bakearen garaia: herri honetan gertatu dena ez ahazteko eskubidea, baina, horrekin batera, elkarbizitza denon artean eraikitzeko eskubidea ere. Gorrotorik ez, errebantxarik ez. Are gutxiago gorroto hori biktimen minetik etekin politikoa lortu nahi dutenengandik etortzen bada". 

Dei egin zuen eraikitzeko "elkarbizitza autokritika kolektibotik abiatuta. Ezin dakieke autokritika eskatu soilik euskal presoei, giza eskubideak urratu dituzten guztiek ere gauza bera egiten ez badute; Estatua bera tartean". Nabarmendu zuenez, "gure herrian gertatu diren eskubide urraketa guztien gaineko memoria kolektiboa eraikitzeko, nahitaezkoa da kontuan hartzea baita ere estatuko terrorismoak eragin dituen hilketak, torturak eta agintearen gehiegikeriak. Indarkeriarik gabeko bakeak ez digu balio baldin eta bake horrek berekin ekartzen baditu bidegabekeriak eta memoriaren ezabaketa".

Bozeramaileak esan zuenez, "oso argi daukagu sendotu beharra dagoela indarkerien biktimendako babesa eta sostengua. Indarkeria guztien biktimek merezi dute babes hori. Biktimak berdinak dira sufrimenduan, baina ez dira berdinak neurri politiko eta judizialak hartzeko orduan". Horregatik, "aitortza berdina exijitzen dugu segurtasun indarrek, estatu terrorismoak edo faxistek torturatu eta eraildako milaka pertsonarentzat, baita boterearen edo Guardia Zibilaren gehiegikeriak jasan dituztenentzat ere, haiek ez baitute aitortzarik. Gehiegikeria horien egileek, ordea, anonimotasuna eta inpunitatea bermatuta dituzte. Biktima horiek existitzen dira, eta ezkutatu egiten dituzte".