Peio Etxeberriak eta Julen Martijak Binakako Txapelketako bederatzi jardunaldi behar izan dituzte euren lehen garaipena lortzeko. Ilbeltzaren 10ean Getarian jokatutako partidan Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta izan zituzten aurkari, eta partida nahasian 15-22 gailendu ziren Etxeberria eta Martija. Lehen zatian Etxeberria itzali samar aritu zen, baina Martijak ongi eutsi zion Rezustari. Nolanahi ere, aldea atera zuten, baina Ezkurdiak eta Rezustak hamaikana berdindu zuten. Etxeberriak eta Martijak aldea zabaldu zuten, 12-17, baina gorriek ez zuten etsi eta 14-17 hurbildu ziren Ezkurdia eta Rezusta. Hortik aurrera Etxeberriak eta Martijak hartu zuten aginte makila eta Ezkurdiak eta Rezustak, aldiz, akatsak pilatu zituzten bata bestearen atzetik.
Martijak ez zuen pilotarik galdu, Rezustak soilik bi galdu zituen eta Ezkurdiak eta Rezustak, aldiz, akatsen zakua bete zuten: sei Ezkurdiak eta zazpi Rezustak. Azkenean, 15-22 irabazi zuten Etxeberriak eta Martijak, eta gogoz ospatu zuten euren lehen garaipena. Arantza bat kendu dute eta airea hartu. Ezkurdiak eta Rezustak, aldiz, euren bigarren porrota izan zuten.
Bestalde, Elordik eta Zabaletak euren seigarren puntua lortu zuten, sukarrak jota dauden Altunaren eta Arangurenen ordez jokatu zuten Zabala eta Bikuña 12 tantotan utzi eta gero. Sake-errestoan aldeak irekita lortu zuten garaipena Elordik eta Zabaletak, segurtasun falta sumatu zitzaien Zabalaren eta Bikuñaren kontra. Lehen zatian Zabaleta deseroso ibili zen eta tarte horretan aurreratu ziren Zabala eta Bikuña, baina pilota aldaketarekin gorriek partidari buelta eman zioten, eta 22-12 irabazi.
Sailkapena eta datorrena
Hasierako ligaxka despeditzeko bost jardunaldiren faltan, Laso-Iztuetak segitzen dute lider (8 puntu), puntu batera Ezkurdia-Rezusta (7 puntu) eta 2 puntura Elordi-Zabaleta (6 puntu) dituztela. Sailkapenean hurrenak Artola-Mariezkurrena (5 puntu), Jaka-Imaz (4 puntu), Altuna-Aranguren (3 puntu), Peña II.-Albisu (2 puntu) eta P. Etxeberria-Martija (puntu 1) dira.
Bederatzigarren jardunaldian ilbeltzaren 18an atzelari arakildarren arteko lehia hartuko du Mungiak, Elordik eta Zabaletak Peio Etxeberriaren eta Martijaren kontra jokatuko baitute. Egun berean Ezkurdia-Rezustak Altuna-Aranguren izango dituzte zain Labriten, sukarra gainditzen badute behintzat.