Gure Eskuko kideek dei egin dute "herritarrok mugitzeko. Gure estutus politikoan jauzi egin dezagun bultzatzeko momentua delako". Horregatik, garagartzaroaren 7rako Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki leloa duen mobilizazioa deitu du Bilbon. Mobilizazioan "mezu argia" zabaldu nahi du Gure Eskuk: "herri bat gara, Euskal Herria gara, berezko nortasuna, hizkuntza, kultura eta ohiturak dituen herria, bere burua gobernatzeko borondate irmoa duena. Zazpi lurraldeetako Euskal Herriaren nolabaiteko agerraldia izango da, herri gisa garatzeko baliabideak eskatzeko eta etorkizuna erabakitzeko borondatea adierazteko".
Deitzaileen iritziz, "herri gisa ditugun erronka nagusiei behar bezala erantzuteko erabakimen handiagoa behar dugu eta burujabetza espazioak irabazi behar ditugu. Euskal lurralde guztietan egin behar dugu aurrera. Lurralde guztietan daude aukerak eta baliatu behar ditugu. Izan ere, Euskal Herri osoa batera aritzeko garaia da". Gaineratu dutenez, "herritarrok ez gara ikusle pasiboak, badugu gure erantzukizuna. Lurralde bakoitzaren estatus politikoan eta guztien arteko lankidetzan aurrerapauso berri eta esanguratsuak eman ahal izateko baldintzak, giroa eta ilusioa sortzea herritarron ekarpen baliotsua izango da".
Batzarrak
Mobilizazioa prestatzeko Hego Euskal Herriko lurralde bakoitzean batzarra antolatu du Gure Eskuk. Haietan kideek "mobilizazioaren helburuak eta ezaugarriak partekatuko" dituzte eta herrietan nola antolatu landuko dute. Gure Eskuko kideen nahia da Herri Libre Bat batzordeen eskuetan bitarteko kutxa bat jartzea. "Bertan, tokian tokiko herritarrek euskarriak aurkituko dituzte mobilizazioaren antolakuntzan laguntzeko. Horrez aparte, dagoeneko Herri Libre Bat WhatsApp eta Telegram kanal bana sortu dute, batzordeak koordinatu eta informazioa zabaltzeko".
Gure Eskuko kideek aurreratu dutenez, "Herrietako Herri Libre Bat batzordeak mobilizazioaren antolakuntzaren zutabe nagusia izango dira. Zuen herria mobilizatzeko batzordea sortu nahi baduzue jarri harremanetan gurekin herrilibrebat@gureeskudago.eus e-postaren bidez".
Gure Eskuren hitzorduak
Ilbeltzaren 14an, asteartean, 19:00etan Iruñeko Txalaparta liburu dendan.
Ilbeltzaren 15ean, asteazkenean, 19:00etan Tolosako kultur etxean.
Ilbeltzaren 21ean asteartean, 18:30ean, Zornotzako Zelaieta zentroan.
Ilbeltzaren 24an, ostiralean, 18:00etan, Gasteizko Landatxo gizarte etxean.