Futbola

Altsasuren eta Etxarri Aranatzen garaipen sendoak eta Lagun Artearen estropezua

Guaixe 2025ko urt. 14a, 10:30

Gizonezkoen erregional mailako hamabosgarren jardunaldiak 6 puntu utzi ditu Sakanan

Erregional mailan gauzak berdin jarraitzen dute Altsasurendako. Liderrak Elizondon jokatu zuen, Baztan B taldearen kontra, eta partida hasi eta berehala, 13. minuturako 0-2 aurreratu zen Asier San Romanen eta Unai Calvoren golei esker. Atsedenaldia baino lehen Imanol Lobok ate propioan gola sartu zuen eta 1-2 gerturatu zen Baztan, baina bigarren zatian Altsasuren aginteak jarraitu zuen. Julen Floresek, Gorka Martinezek eta Iokin Lobok, azken honek penaltiz, sartutako golekin, azkenean 1-5 irabazita itzuli ziren Sakanara liderrak. 

Etxarri Aranatzek ere ez du garaipenaren xenda utzi. Ilbeltzaren 12an Arga Ibaia taldea hartu zuten etxarriarrek eta 4-1 gailendu ziren hasieratik kontrolatu zuten partidan. Mattin Karasatorrek bi gol sartu zituen 10 minututan, eta 29. minutuan Xabier Igoaren gola batu zitzaion. Atsedenaldia baino lehen 3-1 hurbildu zen Arga Ibaia, baina bigarren zatian Etxarrik partida kontrolatzen jarraitu zuen eta 85. minutuan Mattin Altzelaik hat tricka lortu eta garaipen sendoarekin bukatu zuten partida Joseba Bakaikoaren mutilak. Aurretik, ilbeltzaren 8an jokatutako hamahirugarren jardunaldian 1-3 gailendu zen Etxarri Aranatz Universidad de Navarra B-ren kontra, Joanes Mikeo, Javier Fernandez de Garaialde Lazkano eta Oihan Karasatorreren golekin. 

Lagun Arteak Berriozarren jokatu zuen. Lakuntzarrak irabazten hasi ziren, Mikel Agirrek sartutako golari esker, baina atsedenaldirako berdintzea eta 2-1 aurreratzea lortu zuen Berirozarrek. Bigarren zatia ere oso borrokatua izan zen, baina gutxika Berriozar gailendu eta 5-1 aurreratu zen. Partida bukatzear zela, deskontuan, Gorka Egurzak Lagunen bigarrena sartu eta 5-2 bukatu zen lehia. 

Sailkapena eta datorrena
Altsasu liderrak 43 puntu ditu eta 5 puntu ateratzen dizkio San Jorgeri (38 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (37 puntu), eta Lagun Artea zortzigarren (23 puntu). Hamaseigarren jardunaldian Leitzan jokatuko du Altsasuk, sailkapenean hamargarren den Aurrera taldearen kontra, ilbeltzaren 18an, 16:30ean Ardiskilen. Etxarri Aranatzek Orkoienen du hitzordua sailkapenean bosgarren den Kirol Sportekin, ilbeltzaren 18an, 18:15ean. Azkenik, Lagun Arteak bere partida ilbeltzaren 17an jokatuko du, ostiralarekin, asteburuan sansastiñak baitira. Sailkapenean azkena den Asdefor taldea hartuko du 19:00etan Zelai Berrin.