Pentsamendu konputazionalaren arloan Ikasnova Hezkuntza Digitalizazio Plana aurkeztu zuen Hezkuntza Departamentuak 2024ko maiatzean. Horren barruan dago STREAM-AI sarea. Hura zabaltzeko departamentuak bigarren deialdia ebatzi zuen lastailean eta beste 36 ikastetxe sartu dira orain. Haien artean dago Etxarri Aranazko San Donato eskola publikoa. Lehen ediziotik sareko kide da Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutua. Guztira Nafarroako 59 ikastetxek osatzen dute STREAM-AI sarea.
Aipatu sareko kide diren ikastetxeek hainbat arlotan baliabideak eta prestakuntza jasoko dituzte. Izan ere, ikasturte honetan, ikasNOVAren Pentsamendu Konputazionalaren arloak pentsamendu logiko eta konputazional, pentsamendu konputazional deskonektatua, programazioa, robotika, errealitate hedatuak, adimen artifiziala eta STEAM eremuak garatzeko ekimenak eginen ditu. Ekimenetako bat STREAM-AI sarea garatzea da.
Sareko ikastetxe bakoitzean STREAM-AI Sareko lantalde bat ezarri da, prestakuntza espezializatua jasotzen duten eta ikasleekin jarduerak inplementatzen dituzten bost irakaslek osatua. Parte hartu duten ikastetxe guztiek adimen artifizialari buruzko prestakuntza hasi dute, bi tailer praktikoren bidez trebatuko dira. Horietan, irakasleek adimen artifiziala modu etiko eta arduratsuan aplikatzen ikasiko dute hezkuntza eremuan. Gainera, zentro berriek otsailean emango diren tailer osagarrien artean aukeratu ahal izango dute: pentsamendu konputazional deskonektatua, robotika eta programazioa, 3D inprimaketa, errealitate birtuala eta errealitate hedatua.
Sarearen eskaintza
STREAM-AI sareak kalitatezko prestakuntza eskaintzen du. Irakasleek prestakuntza espezializatua jasoko dute pentsamendu konputazionaleko gaiak eta STEAM arloak ikasgelan modu eraginkorrean integratzeko, bai eta Pentsamendu Konputazionalaren arloarekin lotutako prestakuntzak lehentasunez eskuratzeko ere. Bestalde, baliabide didaktikoak jasoko dituzte, proiektu berritzaileak garatzeko askotariko materialak eta tresnak eskuratzeko, bai eta aholkularitza ere; izan ere, irakasle-aholkularien laguntza izango dute, zalantzak argitzeko, erronkak gainditzeko eta gaitasunak garatzeko.
Ikasleek XXI menderako funtsezko trebetasunak eskuratuko dituzte, esaterako pentsamendu kritikoa, arazoak konpontzea eta sormena. Azkenik, sareak inklusioa sustatzen du, aukera-berdintasuna eta aniztasuna barne hartuz. Lantaldeko irakasleek berrikuntza-proiektuetan parte hartu izanaren ziurtagiria lortuko dute.