Zabaleta eta Elordi gora hurbiltzen ari dira

Maider Betelu Ganboa 2025eko urtarrilaren 17a

Zabaleta eta Elordi, azkeneko garaipena ospatzen. UTZITAKOA

Elordi-Zabaleta sailkapenean hirugarren dira, Ezkurdia-Rezusta puntu batera eta Laso-Iztueta liderrak bi puntura dituztela. Etxeberria-Martija izango dituzte aurkari, Mungian

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkak ekuatorea gainditu du. Bederatzi jardunaldi jokatuta estu dago txapelketa, bai goiko postuetan, eta behekoetan baita ere. 

Laso eta txapelketa honetako sorpresa den Iztueta dira sailkapeneko liderrak (8 puntu). Ezkurdiak eta Rezustak estropezu egin zuten Etxeberriaren eta Martijaren kontra eta bigarren dira (7 puntu). Nolanahi ere bikote sendoa dira, txapelketako beste sorpresetako bat, eta orain arteko mailari eusten badiote, oso kontuan hartzekoak. Puntu batera Elordi eta Zabaleta daude, hirugarren (6 puntu). 2023ko txapeldunak ez daude orduan bezain distiratsu, baina gora doaz eta txapelketa hau irabazteko faboritoen artean daudela erakusten ari dira. 

Peio Etxeberriak eta Martijak ilusioa piztu zuten, baina bederatzigarren jardunaldira arte ez dira irabazteko gai izan. Garaipen edo puntu bakarra dute, Ezkurdiaren eta Rezustaren kontra lortutakoa, eta sailkapenean azkenak dira. Ligaxka despeditzeko bost jardunaldiren faltan, play-offetara sailkatzeko aukera gutxi dute, baina lehen garaipenak eman dien haizea probestu nahi dute garaipenaren xendan jarraitzeko.

Arakildarrak, arerio
Binakako hamargarren jardunaldia indartsu dator. Larunbatean jokatuko dute pilotari sakandarrek. Mungiak atzelari arakildarren arteko lehia hartuko du, Elordik eta Zabaletak Peio Etxeberriaren eta Martijaren kontra jokatuko baitute, Martija osatzen bada behintzat. Sukarrak jota egon da Etxeberrikoa, ez zen material aukeraketara joan, baina azken orduko albisterik ez badago, printzipioz Mungian egotekoa da. Ea bi atzelariek lehia ederra eskaintzen duten. Egun berean Ezkurdia-Rezustak Altuna-Arangurenen kontra jokatuko dute Labriten. Bi bikoteak galtzetik datoz, gipuzkoarrak gaixo egotetik, eta jokoan dagoen puntua ezinbestekoa da biendako.