"Ez da kontzertu bat. MITOAROA da". Horrela deskribatzen zuen ZETAKek ilbeltzaren 3an eta 4an Nafarroa Arenan musika proiektuaren bosgarren urteurrena ospatzeko emanen zuen ikuskizuna. Hala izan zen; ez zen kontzertu bat izan, eta Euskal Herriko talde batek egin duen ikus-entzunezko lanik hoberenetarikoa dela esan dute ere. ZETAKen ibilbidearen abestiek ongi lotutako istorio bat kontatu zuten, non Nafarroako inauterietako pertsonaia mitologikoak agertzen ziren, ikusleak MITOAROAren unibertsoan barneratuz. Sorpresak izan ziren ere, esaterako, Vendettako kideak oholtzan agertu ziren, Maixux Zugarramurdik eta Ansa ahizpek Hileta kantu nafarra abestia egin zuten, Marala eta Neomak taldeak, Erramun Martikorenak, besteak beste, Xalbadorren heriotzean abestu zuen eta, larunbatean, Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea izandakoak bertsoak bota zituen. MITOAROA askorendako ahaztezina izango da.
Mitoak
MITOAROAren oinarrietako bat Nafarroako inauterietako pertsonaiak izan ziren: Tuterako zipoteroak; Ituren, Zubieta eta Aurtizko joaldunak; Lantzeko txatxoak eta arotzak eta, nola ez, Arbizuko txatarrak, Altsasuko momotxorrak eta Aaztiyen diskoaren iruditegiaren parte izan diren Unanuko mamuxarroak. Kontakizuna sei ataletan banatuta zegoen: Sarrera: Itzaletako deia; Lehenengo kapitulua: igarolekua; Bigarren kapitulua: Erbesteko biztanleak; Hirugarren kapitulua: Epifania; Laugarren kapitulua: Konkordatua, eta Bosgarren kapitulua: Bi munduren batura.
Inauterietako pertsonaiak ezustean ateratzen ziren, ZETAKen abestiekin bat egiten. Sakanako pertsonaien kasuan, lehenengoak mamuxarroak izan ziren, interlude batean eszenatokiaren goiko aldean atera ziren. Ondoren, Pater Noster abestian agertu ziren, Pello Reparaz inguratuz, eta beste pertsonaia guztiekin batera Akelarretan abestian atera ziren unanuarrak; Aralarko Dama abestian momenturik "politena" bizi izan zuela esan du Javier Mozo unanuarrak. Ikuskizunaren egun bakoitzean hamalau mamuxarro egon ziren; haietako seik bi egunean errepikatu zuten.
Arbizuko txatarrak Entre car i os abestiaren aurretik atera ziren, makilarekin lurraren kontra joz. Hemeretzi txatarrek parte hartu zuten, tartean Maia Novoselsky eta Aitzol Gartzarain. Gartzarainek gidatzen zuen taldea: "Linierrak nituen eta bertatik esaten zidaten makila prestatzeko eta lurrean jotzeko". Deskontrola kantan Pello Reparaz publiko artean ibiltzeko pasilloa egin zuten ere; Akelarretan abestian ere eszenatokiaren goiko aldean atera ziren, eta Aralarko Dama abestian publikoaren artean atera ziren, Lantzeko txatoxak eta arotzak eta Tuterako zipoteroekin batera.
Su abestiarekin agertu ziren eszenatokian hogeita hiru momotxorroak. Kukai dantza taldeko dantzariek irekitzen zuten segizioa. "Momotxorroen dantza-ren doinuarekin entseatu genuen, eta beste abestiarekin aldatzen da. Pixka bat urduri jarri ginen, ez genekielako nola egin. Gero ikusi genuen posiblea zela", esan du Ainhoa Etxaiz Altsasuko inauterietako batzordeko kideak. Kukaiko dantzariei momotxorroen dantza erakutsi zieten, "gaztetxean hamar bat elkartu ginen entseatzeko eta bideoa grabatzeko", azaldu du Asier Jorge batzordeko kideak. Akelarretan abestian agertu ziren ere momotxorroak, eta Aralarko Dama-n gradan agertu ziren. "Unanuko kontzertuan Deskontrola abestian atera ginen, eta harritu gintuen eszenatokian geldirik geundelako. Momotxorroaren papera zein den azaldu genien, zein den gure izaera, eta aldatu zuten", azaldu du Jorgek. Unanun publikotik agertu ziren ere, "eta Nafarroa Arenan nahi genuen, gero ulertu genuen zergatik ezin zen", gaineratu du Etxaizek.
Bizitzan behin
"Esperientzia ona eta polita izan da; bizitzan behin bizitzekoa"
JAVIER MOZO, MAMUXARROA
ZETAK bezalako talde batek mamuxarroak irudi bezala hartzea "gauza polita, oso handia" dela esan du Mozok. Unanuarrek bizitza osoan zehar ezagutu dituzte mamuxarroak, "oso interesagarria eta polita da"; herriko gauza bat. ZETAKen Nafarroako Arenako ikuskizunean parte hartzeko deia "herriko mutil gazte" baten bidez iritsi zitzaiela azaldu du Mozok, "bere bitartez antolatu zen guztia". Aurretik Unanuko herriari mamuxarroen iruditegia erabiltzeagatik eskerrak emateko ZETAKek kontzertua antolatu zuen Unanun, eta MITOAROAn ere mamuxarroak egongo zirela bazekiten: "Baina ez genekien zenbat, nola, ez ezer. Zerbait egongo zela bai, baina gehiagorik ez". Unanuarrak ez zuen espero "hainbestekorik" izango zenik, "jendearen oihartzuna ikusten duzu eta oso handia izan da". Berak oraindik ez du kontzertu osoa ikusteko tarterik izan, "ikusiko dut", baina momentuz bideoak ikusi ditu.
Mozok "esperientzia berri bat bizitzeko" parte hartu zuen. "Inauteria beti barruan izan dugu, eta kuadrillakoekin eta herriko jende gaztearekin bizitzeko esperientzia bat zen. Herri harreman gehiago egin dira". Belaunaldien topaketa izan da ere ikuskizuna. "Esperientzia ona eta polita izan da; bizitzan behin bizitzekoa". Momentu bat aukeratzekotan Aralarko Dama abestiarekin gelditzen da unanuarra: "Mundu guztia zuri begira eta bengala piztu genuenean publikoaren erreakzioa izugarria izan zen, gehienbat lehenengo egunean; erreakzioa oso polita izan zen". Hasieran pixka bat urduri jarri zela aitortu du Mozok, "baina azkenean tapatuta gaudenez, abantaila handia da".
"Lanetik ailegatu berri nintzen eta Pellok hotsein zidan: zuek zineten txatar konfliktiboak? Herrian zarata pixka bat sortu genuen bere garaian. Pentsatu nuen: zer nahiko du mutiko honek...". Gartzarainek ZETAKeko taldearekin bilera egin zuen eta proiektua komentatu zioten. "Momentu horretan power point bat zen; jendea behar zutela eta herriko jendeari komentatzeko esan zidaten".
Novoseslkyk MITOAROArako sarrerak bazituen, parte hartzeko aukera iritsi zitzaionean: "Unanuko kontzertuan batzuk txatarrez ibili ziren, eta denak mutikoak ziren, orduan Nafarroa Arenarako neskak behar zirela esan zuten. Sarrera erosita neukanez ikusle bezala joan edo parte hartu pentsatu behar izan nuen". Azkenean, txatarrez parte hartu zuen. Arbizuarrendako esperientzia "oso polita" izan zen. Novoselsky: "Horrelako zerbait hain berezia izan dena, hain potentea, eta pentsatzea gu horren parte izan garela, oso berezia da". Esperientzia barrutik bizitzeko aukera izan dute, "kontzertu bat edo, beno, MITOAROA, barrutik nola egiten den ikusteko aukera".
"Nik ez nuen espero. Banekien ez zela kontzertu bat, baina ez nuen espero hain gauza handia izatea". Azken egunetan edozein tokitan elkarrizketa gaia Nafarroa Arenan bizitutakoa izaten jarraitzen duela gaineratu du Novoselskyk: "Harritu nau izan duen erreperkusioa, ez nuen espero". Bertan parte hartu izateagatik "harro" sentitzen da.
Unetxoak
"Zaila da momentu bat aukeratzea: Erramuni kantatzea, kamerinoak, 'Aralarko Dama'..."
AITZOL ETA MAIA, TXATARRAK
Unetxo bat aukeratzekotan Gartzarainek kamerinoan sortutako unetxo "oso polit bat" aipatu du: Erramun Martikorenari Xalbadorren heriotzean abestu ziotenekoa. Argazki bat eskatzera joan ziren, eta arbizuarrak kantatzen hasi ziren: "Kamerak agertu ziren eta bazirudien prestatu zegoela, baina oso naturala izan zen". Novosleskyk momentu hori oso polita izan zela aipatu du, baita zaila dela momentu bakar bat aukeratzea: "Azken kanta ere, publikoaren artean atera ginen eta jendea gauza politak eta zoriontzen gintuen; oso momentu polita ere". Gartzarainek eszenatokiko unea ere gogora ekarri du, "lurra lehertuko genuela zirudien". Gartzarainek aitortu duenez, "urduri" zegoen, "erritmoa eraman behar nuen eta presioa nuen". Novoseslky ere urduri zegoen, "aurpegia tapatuta nuen baina... urduritasuna bazegoen". Entseguan Nafarroa Arena hutsik ikusi zutenean "ez zirudien hain handia", baina jendearekin asko aldatzen zela esan du.
ZETAKek MITOAROAren berri eman aurretik sortu zen Altsasuko inauteri batzordeko kideekin harremana. Etxaizek azaldu duenez, Nafarroa Arenan promozio bideoa egiteko deitu zieten lehenengo aldiz. Jorgek gaineratu duenez, "pixkanaka gehiago elkartu ginen. Bideorako hiru momotxorro egon ginen, eta Unanuko kontzerturako ere deitu gintuzten eta jende gehiago batzen joan zen". Unanutik Nafarroa Arenara joan ziren momotxorroak. Lehenengo topaketa horiek "ideia orokor bat" egiteko balio izan ziela esan du Etxaizek, "baina ez genekien zer izan behar zen aurreko egunera arte", gaineratu du Jorgek. Biak batzordean hasiberriak dira, Etxaiz aurten sartu da eta Jorge aurreko urtean, "momotxorroak toki gehiagoetatik mugitu dira, baina gu biok ez".
Esperientzia "berezia" izan dela esan du Etxaizek: "Ezberdinak izan dira, nahiz eta kontzertu berdina izan, ostirala eta larunbata egun oso desberdinak izan dira". Larunbatean "lasaiago" egongo zirela uste zutela esan du Jorgek, "baina ETBn zuzenean emititu zutenez, ezin ginen pistara atera, eta aldageletan geunden herri guztietako inauteriak, pasilloan elkartzen ginela, eta ez genekiela kanpoan zer gertatzen ari zen". Larunbatean zuzenean jarraitu zuten aldagelan proiektore baten bidez, "eta horrek urduriago jarri zigun".
"Ez genuen espero horrelako ikuskizunik montatuko zuenik"
ASIER ETA AINHOA, MOMOTXORROAK
MITOAROAk izan duen "arrakasta" espero zuten, "baina ez nuen espero horrelako ikuskizunik montatuko zuenik", esan du Etxaizek. Jorge: "Nik uste jendeak uste zuela kontzertu bat izango zela, baina etxean komentatuz, musika mota hori ez zaiela gustatzen, eta sekulako ikuskizuna zela komentatu zuten. Horregatik nik uste sortu dela hainbeste gerora ere". Ikuskizuna ongi egon zen, baina unetxorik politena kamerinoan bizi zutela esan dute altsasuarrek. Bertan hiru belaunaldi desberdin bildu ziren, "eta polita da batzuk urte asko daramatzatelako batzordean eta gu adibidez orain sartu gara". Aitortu dutenez, oraindik ez dira guztiz kontziente zenbat jenderen aurrean dantzatu ziren.
Harrigarria dirudien arren MITOAROArako bi entsegu egin zituzten inauterietako pertsonaiek, bat Arbizun eta bestea Nafarroa Arenan bertan ikuskizunaren aurreko egunean. "Kaotikoak" izan direla esan dute parte hartzaileek. Novoselsky: "Entsegua ostegunean eta kontzertua ostiralean, nahiko berde ikusten genuen; hainbeste jende koordinatzea-eta oso zaila ikusten genuen". Talde bakoitza noiz atera behar zen eta zer egin behar zuen bazekien, "eta ongi atera zen".
Oihartzuna
Arbizuarrek azaldu bezala, egunak pasa diren arrean MITOAROAren zurrunbiloak oraindik darrai. Nafarroa Arenan irailaren 6an AAZTIYEN diskoaren bira amaiera egingo zuela iragarri zuten, ilbeltzaren 7an sarrerak salgai jarri zituzten, eta laster agortu zirenez bi data gehiago jarri behar izan zituzten. Dagoeneko hiru egunetarako sarrerak agortu dira. Ikuskizunak izan duen oihartzunak Unanuko eta Altsasuko inauterietan eragina izango zuela uste dute bertako kideek.
"Nik pertsonalki uste dut jende gehiago etorriko dela, eta beldurra daukat", esan du Mozo unanuarrak. MITOAROA ez ezik, AAZTIYENen iruditegia izateak ere "booma" izan dela uste du: "Igandean, eguraldi ona egiten badu, eta martxoa da, beraz eguraldi hobea egingo du... ez dakit zer gertatuko den".
Altsasuko inauteri batzordea dagoeneko prestatzen hasi dira: "Bileran komentatu genuen honek alde onak eta txarrak dituela. Alde ona eta gure helburuetako bat zen Altsasuko jendeari inauteri grin hori berriz azaleratzea; azken urtetan distortsionatu dela uste dugu". Baina "hainbeste tokitan ateratzean" jendea asko etorriko dela aurreikusten dute, "eta hori kontrolatzea zaila izango da".
Maskarita berreskuratzea edo indartzea da batzordearen beste helburuetako bat, "eta horretan gaude". Ilunbeko kontzertuaren bideoan, hain zuzen, maskarita bat agertzen da. Kasualitatea? "Kasualitatea ez da izan". Batzordeak proposatutako zerbait izan da, eta antza denez, Euskal Herriko zenbait pertsonaiekin batera Altsasuko maskarita eta akerra izango dira Donostian.