Bat bera ere asko denean

Guaixe 2025eko urtarrilaren 21a

Sakanako Autobian (A-10) izandako istripua. ARTXIBOA

Aurreko urtean bi sakandar hil ziren trafiko istripuan .

Sakandarrek trafiko ezbeharrak izan zituzten joan zen urtean. Eta ibarreko errepide sarean ere izan zen istripurik. Horien urteko balantzea egiterakoan, zoritxarrez, bi sakandarren heriotza nabarmentzen da. Auto istripu banatan emakumezkoa eta gizonezkoa hil ziren. Zoritxarrez, urteko hamargarren egunean Izurdiagako 28 urteko gizonezkoa hil zen Leteko bidegurutze ondoan izandako trafiko ezbehar baten ondorioz.

Nafarroan, guztira, joan zen urtean 23 pertsona hil ziren trafiko ezbeharretan: 13 auto edo furgonetetan zihoazen, 4 motorretan, 3 bizikletan, 2 kamioietan eta bakarra traktorean. Trafikoak ez zuen oinezkoen heriotzarik eragin. 23 hildakoetatik 20 gidariak ziren. Bestalde, istripuetan hildako 23 pertsonetatik 19 gizonezkoak ziren eta 4 emakumezkoak. Adin tarteari erreparatuta, gehienak, 9, 45 eta 64 urte artean zituzten. 25 eta 44 urte arteko 6 pertsona hil ziren eta 14 eta 24 urteko 5. Azkenik, 64 urtetik gorako hiru pertsona hil ziren trafiko istripuan Nafarroan.  

Trafiko ezbeharren ondorioz Sakanan hildakoak

Urtea / Hildakoak
2017 3
2018 3
2019 0
2020 2
2021 2
2022 2
2023 1
2024 2