San Anton eguna ospatzeko kofradiak elkartuko dira

Guaixe 2025ko urt. 14a, 09:52

Iturmendiko San Anton kofradia 2024an. ARTXIBOA

Ilbeltzaren 17an San Anton eguna da, eta aurten ostirala denez, asteburuan ospatuko dute kofradiek haien eguna: Dorrao, Bakaiku eta Urdiaingoak larunbatean, eta Iturmendikoak igandean.

San Anton animalien eta haiekin zerikudia duten lanbildeen babeslea da, eta Sakanan abeltzainek eta mandazainek garai batean sortutako lau kofradia daude. Ilbeltzaren 17an da San Anton eguna, eta ostirala denez, kofradiek ospakizuna asteburura atzeratu dute.

2025eko San Anton kofradiak

Dorrao

Ilbeltzak 18 larunbata

San Anton kofradiako kideek 9:00etan hildako kofradiakideen aldeko meza eginen dute, elizan. Ondoren, Jose Migel Razkin Lizarraga priorearen etxera joanen dira eta han anaikide hilen omenezko errespontsua errezatu eta Itur Aldea elkartera joko dute eta han kofradiako ardurak berrituko dituzte: priorea eta laguntzaileak. Horrekin batera, kofradiaren kideen zerrenda eta diru kontuak egunean jarriko dituzte, bazkaltzeko ordura arte. Bazkaloste luzea izanen dute.

Bakaiku

Ilbeltzak 18 larunbata

San Anton kofradiako kideek 12:30ean hildako anaien omenezko elizkizuna eginen dute. Ondoren, elizan bertan, batzarra eginen dute: aurreko akta irakurri, kofradiaren gobernuaren inguruko gaiak aztertuko dituzte eta arduren banaketa eginen da. Batzarra despedituta poteoan ibiliko dira bazkaltzeko ordura arte. Bakarreko etxea elkartean elkartuko dira, baina aurretik joan zen urteko akta euskaraz irakurri eta onartuko dute. Bazkalostean musika izanen dute.

Urdiain

Ilbeltzak 18 larunbata

San Anton kofradiaoko hildako kideen omenezko meza eginen dute, eguerdian, eta ondoren apaizak herriko soroak eliz atetik bedeinkatuko ditu eta kofradiakideek San Antonen omenezko kanta abestuko dute. Tintiniturri elkartean gosaldu ondoren, batzarra eginen dute. Diru kontuak eta anaikideen zerrenda egunean jarri ondoren, ardurak banatuko dituzte. Maiordomoak aukeratu ondoren Aitziber elkartean bazkalduko dute, eta 18:00ak aldera maiordomoen etxera joanen dira kafea eta kopa hartzera.

Iturmendi

Ilbeltzak 19 igandea

San Anton kofradia 10:30ean hildako anaikideen aldeko meza izanen da. Ondoren, apaizaren etxean batzarra eginen dute; kofradiaren kideen zerrenda egunean jarri, diru kontuak lotuko dituzte eta ardura berriak berrituko dituzte. Aritzaga elakrtean anidiaren bazkaria izanen da.