Euskaltzaleak aktibatu eta saretzeko proposamen berriak aztertuko ditu Taupak

Guaixe 2025eko urtarrilaren 16a

Taupa euskaltzaleen mugimendu aurkezpena.UTZITAKOA

Euskaltzale mugimenduaren jardunaldiak antolatu ditu. Haietan euskaltzaleak aktibatzeko proposamen berriak aztertuko dira eta  euskalgintza osoari irekiak daude. 

Euskalgintzako eragileen prestakuntzarako, elkartrukerako eta hausnarketarako ezinbesteko hitzordu bihurtu da Topaldia 2001. urtetik orain arte. Antolatzaileak bezala jardunaldiak ere izena aldatu du, batek Taupa, besteak Taupada. Jardunaldien helburu nagusia euskaltzaleen mugimenduarendako interesekoak diren gaien gainean hausnarketa egitea da, baina baita barne gogoetarako tresnak eskaintzea, kanpoko eragileekin eta lagunekin elkartrukerako espazio bat bideratzea edota ezagutza sortu eta partekatzea. 

Antolatzaileek esan dutenez, "Taupada jardunaldia da Taupa euskaltzaleen mugimenduak, berrikuntzarako eta etorkizuneko estrategiak eta ekimenak pentsatzeko baliatzen duen tartea". Gaineratu dutenez, "ekintza, jarduera eta gogoeta elkarri oso lotuta dauden elementuak dira gainera. Ikuspegi horretatik bideratu nahi izaten da Taupadako egitaraua urtero norabideari buruzko hausnarketa, esperientzien transmisioa eta bizipenen kontakizuna uztartuz".

Milaka aktibatuko bagina, zertarako gai izango ginateke?
Aurtengo edizioan, sare nazionalez eta tokikoez hitz egingo dute, autonomiaz eta interdependentziaz, elkarrekin egin daitekeenaz. "Euskarak euskaltzaleak behar ditu, euskararen alde egingo duten herritarrak aktibatzea behar du eta horretarako, antolatu eta saretzeko modu eta proposamen berriak behar dira", adierazi dute Taupako kideek. Taupada jardunaldietan hainbat galderen inguruan hausnartzea proposatzen dute, esaterako: Zer lortzeko gai ginateke milaka euskaltzale ahaldunduta, aktibatuta eta saretuta bageunde? Zergatik aktibatuko dira milaka euskaltzale? Non aktibatu genitzake euskaltzaleok? Nolako gobernantza eredua beharko luke milaka herritarrez osatutako sareak?

Taupadan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea taupamugimendua.eus/taupada/ webgunean eta interesa duen eragile zein norbanako orori dago zuzendua. 

Egitaraua

9:30 Ate irekiera.
9:45-10:00 Sarrera.
10:00-10:40 Bilkura kolektiboen eta batasun emozionalaren eragina gizarte ongizatean. Jon Zabala Arando | Gizarte Psikologiako doktoregaia eta EHUko "Kultura, Kognizioa eta Emozioa" ikertaldeko kidea.
10:40-11:25 Irakaslegaiak euskararen eragile aktibo: unibertsitatea  esperimentaziorako testuinguru. Letizia Garcia Fernandez eta Eneritz Garro Larrañaga | Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea | Mondragon Unibertsitatea.
11:25-12:00 BIZI Mugimendua: klima-aldaketaren eta injustizia sozialaren aitzinean herritarrak aktibatzen. Xabier Harluxet | BIZI Mugimendua.
12:00-12:30 Atsedena.
12:30-13:15 NItik GUra: saretze eredu berriak. Igor Ahedo Gurrutxaga | Parte Hartuz Ikerketa Taldea EHU.
13:15-14:15 Mahai ingurua: TAUPA Mugimendua | Aktibazio ildo berriari begirada
14:15 Itxiera.

Erlazionatuak