EH Bilduk Forestaliaren goi tentsioko linea proiektua gelditzea eskatuko du

Guaixe 2025eko urtarrilaren 16a

Goi tentsioko linea bateko dorrea. ARTXIBOA

Senatuan eginen du eskaera koalizioak.

EH Bilduk goi-tentsioko linea geldiarazteko ekimen bat defendatuko du Madrilgo Senatuan. Forestalia enpresak sustatuta, Aragoin eraikitako hainbat energia berriztagarrien ekoizpen zentraletako energia Gasteizeraino eramateko goi tentsioko linea bat eraiki nahi du enpresak. Linea hori Sakanan barna pasako litzateke. EH Bilduk jakinarazi duenez, ebakuazio azpiegituren proiektuaren izapideak ez jarraitzeko eskatuko du Senatuan, "kalte konponezinak" dituelako. Koalizio subiranistak gogorarazi duenez, "gure lurraldean ez dagoen azpiegitura da eta ebakuazio puntutik 165 km baino gehiagora dago".

Josu Estarrona EH Bilduko senatariak adierazi duenez, "ebakuazio loturetatik gertuen dauden energia sortzeko instalazioak lehenetsi behar dira". Senatariak azaldu duenez, "ahalik eta eremu geografiko hurbilenean ahalik eta autosufizientzia energetikorik handiena lortzeko lan egin behar dugu. Zentzugabekeria da ebakuazio lineak erabiltzea garraio lineen ordez, eta horrek, besteak beste, azpiestazioek gertuagoko beste geltoki batzuetatik energia ebakuatzeko arazoak eragiten ditu", gaineratu du Estarronak.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak argi berdea eman dio zortzi parke eoliko eta bi fotovoltaiko dituen proiektu horri, baita 165 kilometro inguruko ebakuazio lerroari ere, Nafarroako eta Arabako lurraldearen zati handi batetik igarotzen dena.