Stop AHT Zundaketak ekimenak jakinarazi duenez, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) trazadura zein izan behar duen jakiteko zundaketak egiten hasi dira Sakanan. Izurdiagako San Joan auzoaren, herri zaharraren, sarrera ondoan, errepide bazterrean egin zuten zundaketa. Ekimenetik jakinarazi dutenez, Cemosa enrpesako langileak Izurdiagan ilbeltzaren 16ko goizean agertu ziren. Makina zulatzaile batekin bideberri bazterrean zulo bat egin zuten. Bazkalorduan makina kamioi batean eraman zuten eta arratsaldean makinarekin itzuli ziren iluntzera arte lan egiteko. Langile horiek lanean aritu ziren bitartean segurtasun pribatuko bi agente haiek babesten egon ziren.
Ekimeneko kideek azaldu zutenez, langileak ez ziren ilbeltzaren 17an, ostiralean, joan. Baina iragarri zuten ilbeltzaren 20an eta 21ean, astelehen eta asteartean, lanei berrekinen zietela. Eta, ondoren, Urritzolan eginen zituztela zundaketak. Langileek esan zutenez, zundaketak egiteko Nafarroako Gobernuaren baimena zuten.
Batzarra eta elkarretaratze deia
Horren guztiaren jakitun izanik, Stop AHT Zundaketak ekimenak informazio batzarra deitu zuen Izurdiagan larunbat eguerdirako. 40 bat pertsona elkartu ziren. Bilkuran Arakilgo Udal ordezkariek jakinarazi zuten udalak ez zuela halako lanak egiteko baimenik eman, eta, beraz, ez dutela legezko estaldurarik. Antza, langileek Sustapen Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren Errepide Zuzendaritzaren baimenak zituzten, baina udalarenak faltan dituzte. Udalak jakinarazi duenez, "ostiralaz geroztik lanak gelditzeko agindua emana dugu. Astelehenean lanera itzuliko balira, Foruzaingoari deituko liokeela adierazi du, lanak eten ditzaten".
Aldi berean, Stop AHT Zundaketak ekimenak elkarretaratze iraunkorrerako deia egin du ilbeltzaren 20rako, gaurko. Gainera, bi deialdi egin dituzte, 09:00etarako eta 15:00etarako. Haren bidez lanak berriro martxan jartzea salatu nahi dute.
Momentu honetan Izurdiagan ez dago ez langilerik ez makinarik. Herriko San Joan auzoaren sarreraren ondoan Foruzaingoaren patruila bat eta istiluen kontrako foruzainen furgoneta bat daude. Azken horiek ez daude, momentuz kaskoak jantzita. Izurdiagako kontzeju etxe pareko aparkalekuan, berriz, hogei bat pertsona daude zundaketak hasi direla salatzen.